Oinherri sareko kide da Errenteria-Orereta
Hezkuntza politika publikoak udal jardunaren erdigunean kokatzeko ahaleginean urteak daramatzala Errenteriako Udalak esan du Otaegik, eta lankidetza hitzarmena, bide horretan urrats bat aurrera da.
Oinherri Herri Hezaitzaileen sareko kide da Errenteria-Orereta. Lankidetza hitzarmena sinatu du udalak elkartearekin, eta horrekin batera uztailaren 1ean jardunaldiak hartuko ditu Lekuona Fabrikan. Aizpea Otaegi alkateak, Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotziak, eta Amaia Etxabe eta Maite Azpiazu Oinherri elkarteko kideek agerraldia egin dute gaur Lekuona Fabrikan hitzarmenaren zein jardunaldien berri emateko.
Hezkuntza politika publikoak udal jardunaren erdigunean kokatzeko ahaleginean urteak daramatzala Errenteriako Udalak esan du Otaegik. Horren adierazle, Udal Eskola Kontseiluaren jarduna hezkuntza komunitateko eragile guztiek parte hartzen dutena, eta herriko derrigorrezko hezkuntza zentroekin abiatutako prozesua aipatu ditu alkateak. Azken hori garatzen hasi zela urte batzuk badirela azaldu du Otaegik: “Erantzukidetasunean sakonduz hezkuntza komunitatea saretu izenpean egiten ari gara prozesua azken urteetan, eta bide horretan, partekatutako diagnostiko bat egin da behintzat, hezkuntza komunitateak gure herrian bizi duen egoera jasotzen duena”.
Kontseiluaren zein prozesuaren helburu nagusia, “herriko hezkuntzaren argazki partekatua edukitzea da, baita hezkuntza politika bateratuak diseinatu eta garatzea ere”.
Gaur aurkeztu duten lankidetzarako hitzarmena, udala eta Oinherri elkartearen arteko harremana sendotzera datorrela esan du Otaegik, “urrats berri bat egietra goaz, azken urteetan egin dugun bide horretan. Oinherrirekin sinatu dugun lankidetza horrek aukera ematen digu herri hezitzailearen balioetan sakontzeko, baita ere eratuta dagoen sarearen bitartez beste udalerri batzuekin ere lankidetzan jarduteko”.
Lankidetza hitzarmenaren oinarrian, Errenteriako Udalak hezkuntza ulertzeko duen modua dagoela esan du Otaegik, “finean, uste dugu hezkuntza familiatik eskolatik harago doan zerbait dela, baita haurtzarotik harago, bizitza osoan presente egon behar du hezkuntzak. Ideia horretan sakondu nahi dugu hitzarmenarekin, herri hezitzaileak zer diren eta nola egituratu behar direnaren ideian, hain zuzen ere”.
Lankidetza hitzarmen horrek eman du bidea, hain justu, uztailaren 1ean Oinherrik egingo dituen jardunaldiak Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikan egiteko. Euskal Herriaz mintzatuko dira, baita Euskal Herritik kanpo herri hezitzaileen apustu egin duten esperientziez, Errenteria-Oreretatik. Jardunaldiak aukera dira, paregabea Otaegiren esanetan, hezkuntza komunitatea osatzen dutenentzat”.
Sarea indartzeko pausua
Amaia Etxabek eskerrak eman dizkio udalari, “gaurkoa Oinherri sarea indartzeko pausua da”. Euskal Herrian Herri Hezitzaileen filosofia eta proiektuak zabaltzea du helburu Oinherrik, “herri ezberdinekin egiten dugu lan, eta tokian tokiko proiektuak garatu, baina baita ere Euskal Herriko hezkuntzaren eremu zabal horretan ditugun erronken gainean hausnartu eta aurrera pausuak ematen jarraitzeko gune ezberdinak antolatzeko”. Iaz Durangon egindako jardunaldietan lau erronka nagusi jaso zituen elkarteak: Eskola Kirola inguruko kezka, nerabeen parte hartzearen gainekoa, espazioen eraldaketari nola erantzun herri hezitzailearen ikuspegitik, eta hezkuntzarako estrategia bateratu baten beharra. “Kezka horiei jardunaldien bidez erantzutea erabaki geuen, eta horiek dira Errenteria-Oreretan egingo ditugunak. Alea jarrai du Errenteriak bide horretan, eta aitortza ere egin nahi diogu hemen antolatuta”.
Jardunaldien nondik norakoak Maite Azpiazuk azaldu ditu. Herri bat hezkuntzatik eraikitzen goiburua jarri diete jardunaldiei, herri bat eraikitzeko garaian ezinbesteko ardatza delako hezkuntza haien ustez, “are gehiago gurean—erantsi du Azpiazuk— gureak ez diren hezkuntza sistemak pairatzen ditugulako”.
Herri hezitzailearen filosofiatik, hezkuntza, eskola eta familiaz harago, herriko eragile ezberdinen arteko ardura konpartitu gisa ulertzen du elkarteak, “tokiko hezkuntza formal, ez formal, eragile eta herrigintzak partekatzen duten ardura bat da. Herria bera eremu hezitzaile gisa ulertzen dugu, hezkuntza ez delako eskolako lau pareta artera mugatzen den prozesua, continuum bat bezala herri osora zabaltzen den prozesua baizik”. Horrenbestez, hezkuntza prozesuaren deszentralizazioa aldarrikatzen du elkarteak, “udalek protagonismo handiagoa hartu beharko lukete, tokian tokiko herri hezitzaileak sustatzeko auzolanaren bidez, behetik gorako eraikuntza prozesua anitz eta zabalak egituratzeko”.
Sareko kide diren udalerrietan behin eta berriz errepikatzen den gai bati egin dio erreferentzia Azpiazuk, “hezkuntza formaleko sare ezberdinen artean dauden gatazkak gainditzeko beharra azalarazten da behin eta berriz, eta elkarrekin herri ikuspegia landuko duen hezkuntza proiektua garatzeko ilusioa nabaria da”. Behar horiei erantzun nahian datoz jardunaldiak.
Gai konplexua da hori, korapiloa tenkatuta dagoela soma daiteke. Hezkuntza sare ezberdinen arteko gatazka hori gainditzeko biderik ba ote dagoen galdetuta Azpiazuk berehala erantzun du: “Gatazkan zentratu beharrean, herri estrategia baten eraikuntzan zentratzen garenean, hezkuntza, ikastetxetik harago doan zerbait bezala ikusten dugunean, markoa egokiagoa da. Beldur, kezka eta beharrak oso antzekoak dira izan sare batekoak edo bestekoak; denbora, dedikazio eta mimo handia eskatzen du prozesuak”.
Itziar Ostolazak sakondu egin du erantzunean eta gaia, azken urte luzeetan agenda politikoan eta sozialean dagoela nabarmendu du, “azken urteetan nabariagoa da hori. Hezkuntzan dihardugun eragile guztioi arduraz eta erantzukizunez dagokigu gai honi heltzea. Ibilbide bat dugu udalean, eta herri estrategia erdigunean jartzea izan da gakoa, aitortzea sareak alde batera utzita, zentro bakoitza berezia eta anitza dela, eta horrek, gure herria aberasten duela, baina partekatzen dugu herri bat eta komunitate bat, eta hori da baitzen gaituena”.
Begira, beraz, hor jarri behar dela dio Ostolazak, komunitate izaera horretan, “erdietsi nahi ditugun helburuekin eta bideekin hurbilago gaude horrela. Hori izan daiteke erronka, eta Oinherrik oso ekarpen interesgarria egin dezake eremu horretan ere, hezkuntzaren korapilo anitz horiek askatzeari begira”.
Eskuak zabalik eta oso gogotsu hartuko dituztela jardunaldiak esan du azkenik.
Jardunaldiak uztailaren 1ean
Lekuona Fabrikak hartuko ditu egun osoko jardunaldiak uztailaren 1ean. 09:30ean harrera egingo dute, eta ondoren, Nora Salbotxek herri estrategia eraikitzeko markoa kokatuko du Hik Hasik 2017an plazaratu zuen hezkuntza proposamena eta (H)arian dokumentuak emandako gakoetan kokatuta. 10:30-11:30 Errenterian azken urteetan hezkuntza komunitatearekin burutu duten lanketa ezagutzera eman eta balioan jarri nahi dute jardunaldi hauetan, gainontzeko herriei ere gaia lantzeko helduleku batzuk eskaintzeko.12:00-13:00 Hezkuntzaren eskumena deszentralizatzeko beharraren inguruan sakontzeko Kataluniako VIC herriko arduradunak gonbidatuko dituzte beraien prozesua azal dezaten. Arratsaldezn, 15:00-17:00 Ertz ezberdinetatik eragin eta eraiki mahaingurua antolatu dute.
Parte hartzeko izena eman behar da Herri Hezitzailearen atarian. Sareko kide diren herrietako biztanleek doan izango dute sarrera, eta gainontzekoek, 35 euro ordaindu beharko dituzte. Aniztasunaren aurrean, estrategia isolatuetatik bateratuetara pasatzeko unea dela gaineratu du Azpiazuk, “eta hori elkarrekin egituratzeko garaia da”.