Larrialdi humanitariorako diru-laguntza eman dio udalak SMH-ri
Salvamento Maritimo Humanitario erakundeari 3.000 euro eman dizkio Errenteriako Udalak, itsasoratzeko behar dituzten materialez hornitzeko helburuz.
Errenteriako Udalak larrialdi humanitarioetarako bideratua duen diru-laguntzaren aurrekontutik 3.000 euro eman dizkio Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) erakundeari. Kopuru horren helburua izango da itsasoratzeko behar dituzten materialez hornitzea.
Erregaia nahiz irteeretako bestelako egiturazko beharrak asetzeaz gain, bereziki, tripulazioaren soldatak ordainduko dira laguntza horri esker. Izan ere, ezinbesteko dituzte erreskate txalupako patroiak, marinel erresonadoreak, osasun arloko langileak, sukaldariak eta kazetariak, besteak beste.
SMH Mediterraneo itsasoan gertatzen ari den krisi humanitarioari erantzuna emateko sortu zen, izan ere, milaka errefuxiatu eta migratzailek euren bizitzak arriskuan jartzen baitituzte Europako kostara iristeko. Lesboseko (Grezia) kostetan milaka bizitza salbatu dituzte 2015 urteko abendutik.
Sorospen lanak uretan egiteaz gain, laguntza eskaintzen dute Lesbosen, errefuxiatu eta migratzaile gehien dituen uharteetako batean. Gainera, sentsibilizazio ekintzak egiten dituzte Gipuzkoako hainbat udalerritan, krisi honen inguruan jendearen kontzientzian eragiteko… Artatzen duten jendea gerra edo gatazka egoera bizi duten herrialdeetatik datoz, esaterako, Siria, Afganistan, Irak, Pakistan edo Iran.