Gipuzkoako Futbol Federazioak elkartasuna adierazi die zelaiko zaurituei
Trintxerreko hesia jaustean zauritutako lau zaleei elkartasun publikoa adierazi eta presazko bilera eskatu diote alkateari. Publikoa baimentzea galdegin dute.
Joan den larunbat arratsaldean Sanpedrotarrako Lehen Mailako Gazteak Trintxerpeko futbol zelaian Usurbilen aurka jokatzen ari zirela inguruko hesi batek amore eman izanagatik lau zale zaurituak izan ziren. Horiei elkartasuna adierazi nahi izan die Gipuzkoako Futbol Federazioak (GPF) adierazpen publiko baten bitartez.
Azken aldian istripu bat baina gehiago izan dira futbol zelaia hartan; hori dela eta, presazko bilera egiteko eskatu dio federakundeak Izaskun Gomez Pasaiako alkateari, udal instalazioa baita ezbeharra eragin zuena. EH Bilduk salatu du estruktura bridaz lotuta zegoela, “egoera txarrean dago bere osotasunean eta arriskutsu”.
Horrez gain, Jaurlaritzari publikoa baimentzeko aukera azter dezan galdegin dio berriro ere GPF-k: “Ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzak, lurralde- eta euskal federazioen eskaera etengabeak gorabehera, ez duela onartzen jendea sartzea leku gutxiko futbol afizionatuen partidetara; aldiz, jardunaldi bakoitzean arrisku-egoerak sortzen dira, ikusleak futbol-zelaietatik kanpo pilatzen baitira”.