'Aurrera egin badugu', asteartean Gezalan
Lezoko Zinema Ttikiak emanaldi berezia prestatu du hilaren 15erako (asteartea). Jaizkibel konpainiaren bidea aztertzen duen dokumentala emango dute.
Lezoko Zinema Ttikiak, Lezoko Emakume Taldearekin elkarlanean, emanaldi berezia prestatu du hilaren 15erako (asteartea). Hondarribiko Jaizkibel konpainiaren bidea aztertzen duen Aurrera egin badugu dokumentala aurkeztuko dute herrian. Elkarrizketa eta irudi historiko bidez egiten dute konpainia parekidearen ibilbidearen errepasoa, Julen Hernandez Esnaola zuzendutako lanean.
Emanaldia 19:00etan hasiko da. Lezoko Zinema Ttikiaren saioetan ohikoa den bezala, doan da, baina aurrez gonbidapena eskuratu behar da Lezoko Udalaren webgunearen bitartez.
Dokumentalaren emanaldia bukatutakoan, Jaizkibel konpainiako kideekin solasaldia antolatu dute.