'Herri bat hezkuntzatik eraikitzen' jardunaldian izena eman daiteke
Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikak hartuko du jardunaldia uztailaren 1ean, osteguna 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:30era.
Jardunaldiaren aurkezpeneko irudi bat Lekuona Fabrika aurrean. Oinherrik antolatu duen Herri bat hezkuntzatik eraikitzen jardunaldirako izena emateko epea zabalik da oraindik. Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikak hartuko du jardunaldia uztailaren 1ean, osteguna 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:30era. Izena emateko azken eguna hilaren 27a izango da, eta Oinherriren web orrian egin behar da. Herri hezitzaileetako herritarrentzat doakoa izango da izena ematea, eta ez direnek berriz, 35 euro ordaindu beharko dituzte. Jardunaldiaren helburua, Euskal Herriko hezkuntza herri hezitzaile ikuspegitik zer nola ikusten duten eta hezkuntza ulertzeko modu horrek, estrategia bateratu bateranzko norabidean egin dezakeen ekarpena lantzea da.
09:30ean harrera egingo dute, eta ondoren, Nora Salbotxek herri estrategia eraikitzeko markoa kokatuko du Hik Hasik 2017an plazaratu zuen hezkuntza proposamena eta (H)arian dokumentuak emandako gakoetan kokatuta. 10:30etik 11:30era Errenterian azken urteetan hezkuntza komunitatearekin burutu duten lanketa ezagutzera eman eta balioan jarri nahi dute jardunaldi hauetan, gainontzeko herriei ere gaia lantzeko helduleku batzuk eskaintzeko. Itziar Ostolaza hezkuntza zinegotzia izango da hizlaria. 12:00etatik 13:00etara Hezkuntzaren eskumena deszentralizatzeko beharraren inguruan sakontzeko Kataluniako VIC herriko arduradunak gonbidatuko dituzte beraien prozesua azal dezaten. Elisabete Franquesa I Roca Hezkuntza zinegotzia eta Gloria Cunill Vilalta teknikaria arituko dira.
Arratsaldean, 15:00etatik 17:00etara Ertz ezberdinetatik eragin eta eraiki mahai ingurua antolatu dute. Bertan, Arantza Urbe Irazusta errenteriarra, irakasle eta HITZAren kolaboratzaile hezkuntzaren ertzetik, Lander Juaristi Lasa Herri Hezitzailearen ertzetik, Amaia Zubieta Garciandia segregazioen eta aniztasunaren ertzetik, eta Aritz Bereziartua Arruabarrena aisialdi hezitzaile ertzetik hartuko dute parte.
