'Ombuaren itzala' Pello Mari Otañori aitortza, auzolanetik
Proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko, ekitaldia antolatu dute hilaren 23an Niessen Kulturgunean 19:30ean.
Patxi Bisquert. Argazkia: Bertsolari aldizkaria Ombuaren itzala. Hori da Pello Mari Otaño Barriola bertsolari zizurkildar handiaren bizitza jaso nahi duen filma. Aitortza egin nahi diote Oatñori, bere ibilbidea jaso eta auzolanetik ari dira egi bihurtzen proiektua. Bertsolari handi, poeta, opera libreto egilea izan zen Otaño, eta proiektuaren atzean daudenen esanetan, liberala, errepublikazalea, zazpiak baten defendatzailea, euskara muinean zuena.
Ombua, Argentinako zuhaitz eder mitikoa da. Hirutan izan zen Argentinan Otaño, gerrari intsumisoa eginda, Euskal Herriko egoerarekiko errebelde, eta migratzaile. Argentinan hil zen zizurkildarra.
Patxi Bisquert da filmaren arduraduna, Juanba Berasategi handia zenarekin ondu omen zuen filmaren ideia; Eguzki Art zinema ekoizpen etxearen egitasmoa da. Gidoiaren ardura, berriz, Koldo Izagirre idazlearena da, eta musikarena, Joseba Tapia trikitilariarena. Xabier Amuriza da babesle kontseilaria.
Proiektua egi bihurtzeko auzolanean ari dira. Filma ikusi ahal izateko sarrera behar da, 10 eurokoa, eta sarrera erosten duena, gainera, filmaren produktore finantzario izango da. Filma ikusteko, eta filma egi bihurtzeko sarrera horiek salgai daude Errenteria-Oreretan: Mirentxu Liburu dendan, eta Arkaitza eta Sindikato tabernetan.
Proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko, berriz, ekitaldia antolatu dute hilaren 23an Niessen Kulturgunean 19:30ean. Bertsolari baten film proiektua aurkezteko, bertsotan egitea baina egokiagorik ez da, eta bertso festa antolatu dute egun horretarako Unai Agirre eta Amets Arzallusekin. Patxi Bisquert, filmaren produktorea ere bertan izango da.
Ekitaldirako gonbidapenak, bibe.me plataforman lortu daitezke.
