Ostalaritzan beirazko ontzien birziklapena sustatzeko kanpaina abiatu du udalak
130 gutun bideratu direla esan du Ferradasek, herrian dagoen ostalaritza establezimendu kopurua da hori.
Ostalaritzan beirazko ontzien birziklapena sustatzeko kanpaina abiatu berri du Errenteriako Udalak Ecovidrio eta San Marco Mankomunitatearekin elkarlanean. Ekainean zehar egingo du kanpaina hori, eta horren harira establezimenduetara bisitak egingo dituzte beirazko ontzien birziklatzea sustatzeko eta sortzaile handi horiek beren hondakinak behar bezala kudeatzera behartzen dituzten udal ordenantzak gauzatzeko. Jose Manuel Ferradas Errenteriako Udaleko Ingurumen zinegotziak eta Loreto Osa San Marko mankomunitateko presidenteak azaldu dituzte kanpainaren xehetasunak.
Ecovidriok lau udalerritan jarri duela martxan kanpaina hori zehaztu du Osak, Errenteria-Oreretan, Pasaian, Hernani eta Lasarte-Oria, “beiraren birziklatzea sustatzea da helburua. Erabilera bakarreko beiraren %50 ostalaritzari dagokio. Hori horrela kontzientziazio lana egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu, baita praktika positiboak sustatzea ere”. Kanpainak bi fase ditu; lehenengoan, gutuna eramaten zaie establezimenduei kanpainaren berri emanez eta izan ditzaketen beharrak, zein egiten duten birziklapenaren gaineko datuak bilduz, eta edukiontzi bat ere uzten diete lana errazteko. Jasotako datu horiekin heltzen da bigarren fasea; azken horretan birziklatzea hobetzen doan ikusten dute eta horren garapena.
Egungo ordenantzak hondakinen bereizketa ezartzen du, eta ez soilik etxebizitzentzat, baita jarduera ekonomiko ororentzat ere, ostalaritza tartean. 130 gutun bideratu direla esan du Ferradasek, herrian dagoen ostalaritza establezimendu kopurua da hori. Beiraren bilketak egun hondakinen bilketa osoaren %9 suposatzen duela gaineratu du Ingurumen zinegotziak, “gora behera gehiago dituen frakzioa da. Gabonetan 100 tonara hel daiteke, eta une honetan, maiatzean 85 tona jaso dira”.
Beire bai, baina sortzen diren gainontzeko hondakinak ere egoki bereizteko deia egin du Ferradasek, “dena hartzen duen poltsa beltzaren ideia ezabatu behar dugu. Frakzio guztiak, ostalaritzan, egoki bereiztera deitu nahi dugu”.
Aurrerago, beste jarduera ekonomikoetara zabalduko dutela hondakinak bereizita egoki biltzeko kanpaina jakinarazi du, azkenik.