[Erreportajea] Lau zolen zanpatzetik askapenera
Interes geopolitikoek lau estatutan zatitutako herria da Kurdistan. Askapen mugimendua hasia dute, iraultza baitute «aukera bakarra». Bixi-Bixi Elkarteak elkartasun ekintzak antolatu ditu Pasaian.
Estatu propiorik ez duen munduko herririk handiena da Kurdistan. Lautan zatikatu eta hamaika zolak hamarkadetan zapaldu badute ere, herriak hasia du askapenerako bidea, eta bidelagun izateko hautua egin du Pasai Donibaneko Bixi-Bixi Elkarteak aurten, urtero antolatzen duten Gora Herriak iniziatibarekin euskaldunen eta herri kurduaren arteko elkartasun sarea irmotzeko egitaraua prestatu baitute.
Bi aste pasatxo daramatzate Pasaiako barrutian barna orotariko jarduerak antolatzen Kurdistanen borroka aintzatetsi eta haiengandik ikasteko; bihar izango dute ekitaldi nagusia.
Elkarte antolatzaileko kide Garazi Alegriak atzera jiratu ditu begiak, orain dela bost urte hasitako iniziatiba baita herriak goratzeko asmoz jaio zena, zehazki, beste lurralde batzuetako «iraultza eta prozesu askatzaileak» ezagutu eta horiekiko elkartasuna sustatzeko xedez jarri zuten martxan Gora Herriak Pasai Donibaneko hainbat bizilagunek.
Aurtengoan Kurdistan hautatu izanak badu motibo aski: «Oso herri zapaldua izan da, hizkuntza debekatuta izan duen herria, milaka preso torturatu eta desagerrarazi dituzte…».
Gurera ekarrita, aipatu du Alegriak herri kurduaren eta euskaldunaren arteko ahizpatasunaren erakusle argia: «Gure Gernika izan zena gaur Afrin da, egun oraindik bonbardatua eta masakratua den herria da». Siriako Kurdistango lurraldea da Afrin; 2018an Turkiak inbaditu zuen eta bi urtean kurduen biztanleria erdira baino gutxiagora jaitsarazi dute operazio militarrek.
Indar zapaltzaile inperialistek eta interes geopolitikoek herria zatikatzeaz gain, herri ukatua bihurtu dute Kurdistan historian zehar.
Bonbek eragindako ezerezaren hautsetan, ordea, ikasi du herri kurduak kimuak ereiteko kemena hautematen, bizitzaren aldeko hautua egiten, erresistentziaren, autodeterminazioaren eta askapen mugimenduaren erreferente bihurtzen.
Aratz Estonba abokatu eta Askapena talde internazionalistako militanteak kutuntzat du nazioa, bertan egona da eta arnastu du zapalkuntzak kutsatutako airea. Bixi-Bixiren jardunaldietan hizlari bezala parte hartu du.
Lurraldea deskribatzea eskatuta, hala definitu du: «Herri antolatua da, baina ez homogeneoa». Euskal Herriarekin alderatu eta azaldu du borrokak berak eraldarazi duela Kurdistan ere, baina territorioa zerbaitek definitzen duela argi dauka: «Kanpoko interesei aurre egiteko sortu den askapen mugimenduak, antolatzeko gaitasunak».
Aniztasuna da herrialdearen beste ardatzetako bat, baina askotasun horren barruko etnia, kultura eta erlijioak batzen dituen zerbait bada: berdineztasunei muzin egin eta batera borrokatzeko nahia.
«Herri kurdua zera dela esango nuke», gehitu du Estonbak, «nahasketa hartatik abiatuta, horretan indarra bilatu eta antolatzen asmatu duen herria».
Aitor Aspuru kazetaria eta Kurdistanekin Elkartasun Ekimeneko partaidea da, eta El pueblo kurdo en Siria. Una revolución en la pesadilla de la geopolítica izeneko liburua argitaratu berri du. Hura ere Donibanen izan da ekarpena egiten.
Hark nabarmendu du Kurdistan lau estatutan geopolitikoki banatuta egoteak [Turkia, Siria, Irak eta Iran] aniztasun politiko handia sortu duela lur kurduetan, baina bi joera nagusi zerrendatu ditu:
PDK, Irakeko Kurdistanen gobernatzen duen alderdia, zeinak, kazetariaren arabera, politika tribalista, patriarkal, ustel eta ultrakapitalista baliatzen duen; eta, bestetik, konfederalismo demokratikoaren inguruan mugitzen diren indar politiko anitzak; hala nola, PKK, HDP edo PYD.
Konfederalismo demokratikoa
Abdullah Öcalan PKK-ko buruzagiaren proposamena da konfederalismo demokratikoa, espetxean zela aurkeztu zuen, 2005ean, nazio-estatuaren ikuspegi tradizionalarekiko kritika eta alternatiba gisa.
Estaturik gabeko pertsonen sistema demokratiko bezala definitu zuen hark, burujabetzan oinarritutako autokudeaketa eredu. Ekologismoa eta feminismoa ditu ardatzetako bi.
Planteamendu hura herri kurduaren alternatiba bakarra dela aitortu du Aspuruk, «ezin baitiozu, tamalez, aldi berean aurre egin Irak, Iran, Siria eta Turkiari eta euren armadei». Hortaz, pertsonak eta, kasu honetan, herriak askatzea proposatzen du konfederalismo demokratikoak, gero pertsona horiek harreman askeak sor ditzaten antolakuntza egitura propioak eratuz.
Paradigma berriak ez du planteatzen estatu kurdu bat opresio guztietatik askatzeko, baizik eta autonomoak diren estruktura partzialen konfederazioa, aliantza. Lau estatutan zatitutako herria heterogeneoa izateak ezinbestean eskatzen du askapen borrokek forma ezberdinak hartzea lurralde bakoitzaren ezaugarrien arabera.
Oinarri horretatik, PKK-k asmatu du borroka partikular horiek antolatzen, Estonbak «asanblada handi» izendatu duen horretan batzen.
Etxetik gertu
Zapalkuntzak batu ditu kurduak. Izan ere, Alegriak aipatu duen moduan, kurdu izate hutsak, toki askotan, eskubiderik ez izatea baitakar.
Kazetariak azaldu du egoera: «Ezin duzunean zure hizkuntza erabili, jabegorik izan, baztertua zarenean konturatzen zara, gure kasuan, ez zarela espainiarra, eta euren kasuan, ez Irak, Turkia, Siria edo Iraneko ere».
Estonbak argi du Kurdistango askapen borroka Euskal Herrian bizirik dela, bi nazioak lotuta daudela eta euskaldunon herria «kapitalismoaren estruktura zapaltzaileetatik» askatzea jo du herri kurduari hemendik egin dakiokeen ekarpen handientzat.
Horrez gain, gurean erantzule aski ere badirela salatu du; hainbat politikari eta enpresa euskaldun aipatu ditu Turkiako armamentua zuzenean sustatzen dutenak. «Uste dut hemen eta orain ardura asko ditugula».
Aspuruk erantzukizun hori gain hartzeko moduak zerrendatu ditu, izan ere, «herri kurdua hain bakarrik baitago, edozein laguntza dela ongi etorria»; mobilizazioetan parte hartzea, informatzea, egoera salatzea…
Egoera larria dela nabarmendu du, Turkia herriak mapatik desagerrarazten ari baita, tonaka baso mozten gerrillariek ezkutatzeko lekurik izan ez eta bonbarda ditzaten. «Iraultza eurentzat ez da aukera bat, aukera bakarra da. Ez dute beste irtenbiderik».
Gani Mirzo, abeslaria: «Deserritik nire herriaren ahotsa ordezteko konpromisoa dut»
Abeslari kurduak Bixi-Bixiren iniziatibako kontzertu nagusia emango du bihar Juanba Berasategiko auditoriumean (18:30). Aberkideei elkartasuna adierazteko ekitaldia izango da.
Nola hasi zinen musika kurdua flamenko eta jazzarekin uztartzen?
Alepon ikasten egon nintzenean, 1980ko hamarkadan, flamenkoarekiko interes handia piztu zitzaidan, eta hainbat jazz talde ere ezagutu nituen bertan. Paco de Lucia eta Camaron entzuten nituen.
Jazza askoz gehiago da inprobisazioa, arauak haustea, eta ni beti izan naiz normaz kanpokoa, arauak eta estrukturak haustearen zale zerbait berria sortzeko. Bertan aurkitu nintzen ni.
Debekatuta zegoen hizkuntza bateko musika ordezkatu nahi izan duzu.
Hizkuntza kurdua beti izan da zanpatua eta jazarria Siriako Kurdistanen. 1970-80ko hamarkadetan jaiotakoek garesti ordaindu genuen horren prezioa, gure musika debekatua baitzegoen.
Niretzako Siria garai hartan kartzela handi bat zen; kartzelaren barruan mugi zaitezke, baina ez duzu askatasun airerik. Atzerrian topatu nuen nire izana eta kultura adierazteko askatasuna.
Bizitzaren zati handi bat daramazu zure herrikideekin kolaboratzen.
2012tik aurrera gerrillak zonalde kurduaren kontrola hartu zuen, Rojava [Siriako Kurdistan] eremuarena, eta orduan izan genuen aukera gure musika aintzatesten hasteko.
Exiliatutako artista kurdu bat bezala sentitzen nintzen, eta uste nuen nolabait kolaboratu behar nuela. Kanpaina bat jarri nuen martxan 2016an instrumentuak bildu eta Euskal Herritik bertara bidaltzeko.
Zoragarria izan zen, 350 instrumentu baino gehiago banatu genituen. Musika hedatu genuen gerraren zarata lausotzeko.
Deserritik nire herriaren ahotsa ordezteko konpromisoa dudala uste dut. Egun, hainbat proiektu ditut sarraskitutako zonalde eta kolektiboak babesten laguntzeko.
Nola lagun diezaioke biharko kontzertuak herri kurduari?
Borroka kurdua ezagutarazten, erresistentziaren irudikapena izan daiteke kontzertua. Oihu bat da: ‘Hemen gaude gure eskubideak defendatzeko’.
Diskoren bat ere jarriko dugu salgai iheslarien esparruetara finantzazioa bidaltzeko.
Emanaldian denetarik joko dugu, ahalik eta ahots gehien biltzeko Kurdistango kausa defendatzeko.