San Marko eta Barrengoloiako informazio puntuak zabalik
Lau Haizeta parkean kokatutako San Marko Gotorlekuko museoa eta Aiako Harriko Parke Natural eta kontserbazio bereziko eremuan kokatutako Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegoek aste honetan zabalduko dituzte ateak.
San Marko gotorlekua. Lau Haizeta parkean kokatutako San Marko Gotorlekuko museoa eta Aiako Harriko Parke Natural eta kontserbazio bereziko eremuan kokatutako Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegoek aste honetan zabalduko dituzte ateak. Gotorlekura hurbiltzen diren bisitariek, begiratokiak eskaintzen duen ikuspegi zoragarriarekin gozatzearekin batera, gotorlekuaren barrualdea ikusi ahal izango dute, baita inguruak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazioa jaso. Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldeetako behatoki pribilegiatua da gotorlekua.
Asteazkenetik igandera izango da zabalik 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Ordutegi horren barruan, museoa bisitatu daiteke modu librean edo bisita gidatu bidez. Poternatik du sarbidea museoak, eta artilleria bateria ezkutuak, tunelak eta gotorlekua inguratzen duen lubanarroa defendatzeko kaponerak ikus daitezke.

Liatorreta-Barrengoloiako informazio puntua.
Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegora hurbiltzen diren txangozaleek berriz, Natura 2.000 sarean babestuta dagoen eremu horretako natura eta kultur ondareari buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute: mendi ibilbideak, monumentu megalitikoak, mehatxatutako fauna, Aizpitarteko haitzulo eta aztarnategi paleolitikoak, Añarbeko Baso Erreserba, mendiko hezeguneak… Ostegunetan 08:30etik 14:00etara eta ostiral, larunbat, eta igandeetan 08:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:30era izango da zabalik bulegoa.
Informazio gehiago lortu edota bisita gidatuetarako erreserbak egiteko San Marko gotorlekuko informazio bulegoko 943 44 96 38 telefono zenbakira deitu edo posta elektronikora idatzi, Errenteriako turismo bulegoko 943 49 45 21 telefono zenbakira deitu edo posta elektronikora mezua idatzi, edo Oarsoaldeko Turismo webgunera jo daiteke.
