Gaztelekuak martxan izango dira uztailaren erdialdera arte
Antxo, Trintxerpe eta Donibaneko guneak ostiral eta larunbat arratsaldetan irekitzeaz gain, ostegun arratsaldeetan ere bi orduz zabalduko dituzte aurten.
Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak jakinarazi du duela egun batzuk ireki dituztela Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko Udal Gaztelekuetako ateak, uztail erdialdera arteko iraupena izango duen denboraldiari hasiera emateko.
Ostiral eta larunbatean arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara irekitzeaz gain, ikasturte honetan ostegunetan arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara ere zabalduko dituzte ateak.
Irekitzeko egunak aldian-aldian gehitzen joateko asmoa adierazi du udalak, nerabeak aspaldi egiten ari diren eskaera baita hura. Hala, datorren ikasturterako helburua ikasturte honetan baino egun bat gehiago irekitzea litzateke. Joan den ikasturtean 170 gazte izan ziren Pasaiako gaztelekuetako bazkide.
Kontaktua
Antxoko Gaztelekua Axular plazan dago, 7 behean. Trintxerpe-San Pedroko aretoa Gran Sol 11 zenbakian, eta telefonoa hau da: 943 24 81 98. Donibanekoa, aldiz, J.J. Otaegiko eraikineko hirugarren solairuan dago, eta telefonoa honakoa da: 943 51 72 90.