Joxean Sanchez: "Zuzkidurazko etxebizitzena sekulako albistea da"
Aralar kalearen eta Jaizkibel hiribidearen arteko zuzkidurazko etxebizitzak Lezoko gazteen beharrei erantzungo diela uste du PSE-EEko kideak.
Lezoko PSE-EE pozik dago Lezon zuzkidurazko alokairuan 52 etxebizitza publiko egingo dituztelako, Aralar kalearen eta Jaizkibel hiribidearen arteko eremuan zehazki. “Sekulako albistea da”, esan du Joxean Sanchezek, sozialisten udal taldearen eledun eta aldi berean gobernukideak. 5,6 milioiko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak horietan, behin udalak lurra emanda.
Sanchezek jakinarazi du Jaurlaritzari —PSE-EEko Iñaki Arriolak zuzentzen du Etxebizitza Saila— 2018an helarazi ziola zuzkidurazko etxebizitzen egitasmoa, 2018-2020 Etxebizita Planaren barrukoa hori. Horrela, etxebizitza horiek egiterakoan, 2009an udalak eta Jaurlaritzak onartutako hitzarmena gauzatuko dela zehaztu du PSE-EEko kideak:”Iñaki Arriolaren konpromisoa eta inplikazioa eskertu nahi ditugu Lezoko sozialistek, egitasmoa aurrera ateratzeagatik”.
Sanchezek nabarmendu du 2009ko hitzarmenaren barruan ere badagoela anbulatorio berria bertan egitea. “Lezok, horrela, osasun zentro eguneratu eta efizientea izango du, 786 metro koadrokoa”, zehaztu du Sanchezek.
Etxebizitzei dagokionez, herriak zuen behar bati erantzungo diola azaleratu du sozialistak, eta bereziki gazteak izango direla onuradun nagusi, “haien emantzipazioan lagunduko du egitasmoak, lehen etxebizitzarako jauzi bideragarriarekin, euren beharretara egokitutakoa”.
Datuak eman ditu Sanchezek, Etxebidetik jasotakoak: Lezon alokairuzko etxe bila ari direnen kopurua 99 pertsonakoa da (36 urtetik beherakoen datuak dira), eta horietatik 40 Lezon erroldatuta daude, eta gainontzekoak beste herrietakoak dira. Beraz, etxebizitza horiek egitearekin “arazo larri” bati erantzuna emango diotela azaldu du Sanchezek, “batez ere etxebizitza horiek lehentasunezko eta zaurgarrien diren kolektiboek eskatzen dituztelako”. Horren harira, sozialistak aipatu du gazteek emantzipaziorako duten trabarik handiena etxebizitzen prezio handia dela.
Bestalde, Sanchezek iragarri du 2022rako udalak alokairurako ematen zuen diru laguntza berreskuratzeko asmoa duela.