Kalea agertoki bihurtuta
Udan ere izango da kulturaz gozatzeko aukera. Arte eszenikoen eta udako zinemaren eskaintza zabal atondu dute egitarau erakargarri bezain anitza osatzeko.
Udan ere izango da kulturaz gozatzeko aukera. Arte eszenikoen eta udako zinemaren eskaintza zabal atondu dute egitarau erakargarri bezain anitza osatzeko. Horren berri eman du gaur Lekuona Fabrikan, Iker Tolosa Kultura teknikariak. Antzerkia, dantza, zirku garaikidea eta zinema; horiek osagaiak kultur eskaintza udatiarra osatzeko eta herritarren kultur gosea asetzeko. Gainera, kalea bihurtuko da agertoki, eta eskaintza deszentralizatuaren alde egin du apustua udalak, aurten ere, kultura auzo guztietara eramateko. Fanderia, Beraun, Galtzaraborda, Gaztaño, Pontika eta Kaputxinoak bihurtuko dira agertoki, zehazki larunbat honetan hasi eta abuztuaren 28ra arte.
Euskal ekoizpenaren aldeko apustua egin dutela programazioa osatzerakoan arte eszenikoen kasuan azaldu du Tolosak, “Euskal Herriko txoko ezberdinetako konpainien azken sorkuntza lanekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek”.
Larunbat honetan izango da lehenengo emanaldia, Berdinki Zirkus Konpainiaren Mikra ikuskizunarekin. Cristobal Gamon ikastetxeko HH eta LHko eraikineko patioan izango da. Hainbat sari jaso ditu lan horrek. Ikuskizunerako sarrerak, agortuta daude dagoenerako. Kaputxinoetatik, Pontikako Frontoira jauzi egingo du programazioak, eta utzailaren 10ean izango da hurrengo hitzordua bertan. Oraingoan, dantza, antzerkia eta umorearen koktela eskainiko du Organik Dantza Taldeak, emakume sardina saltzaileak omentzen dituen piezarekin: Sardina freskue.Natalia Mongeren konpainia, emakumeak itsasoarekin lotutako bere beste lan batekin dator; saregileak izan ziren lehenak, eta orain sardina saltzaileak. Lana oso egokia dela publiko guztientzat nabarmendu du Tolosak.
Beste antzezlana bat helduko da uztailaren 31n, Astrolabium Teatroaren Butterfly Effect ikuskizuna. Gaztañoko Frontoiak hartuko du. Historian gertatutako une zehatz batzuk hautatu, eta pertsona bakoitzaren keinu bakarrak izan dezakeen eragina azalduko dute bi feriantek oholtza gainean. Honakoa, konpainiak egingo duen bigarren emanaldia izango da. Abuztuaren 14an, Trapu Zaharrak konpainiak Por hacer un favor antzezlana emango du Miguel Irastorza futbito zelaian. Kale antzerkian klasiko bat da konpainia, bere satira soziala bezala. Amaitzeko, zirkuak, dantzak, hitzak, eta musikak bat egingo dute Fanderiako Futbol 7 zelaian Rouge Elea konpainiaren Hemen gaude, dena ongi! ikuskizunaren eskutik. Konpainiak egingo duen lanaren bigarren emanaldia izango da Errenteria-Oreretakoa. Ander Fernandez errenteriarra da taldekidetako bat. 6 metro luzeko eskailera bat, ikuskizun poetiko intimoa, eta nerabeen begirada etorkizunari. Grafikoki laburtu du piezak eskainiko duena Tolosak: “Urtzen ari den izeberg gainean den hartza”.
Ikuskizun guztiak 19:30ean izango dira.
Udako zinema
Udako zinema dagoeneko klasiko bat bihurtu da errenteriarren artean OzZinema Zineklubari esker. Lan mardula egiten du urte osoan zehar, eta kaleko zinemaren aldeko apustua ere egin du. Herriko auzoak bilakatuko ditu, beste behin ere, zinema areto OzZinema Zineklubak. Lehenengo emanaldia, uztailaren 2an izango da, eta Francois Ozonkmo zinemagilearen Verano del 85 filma aukeratu dute. Pontikako frontoian izango da. Fantasia eta abenturak hartuko du lekukoa, uztailaren 9an, Jumanji. Siguiente nivel filma emango baitute Fanderiako Futbol 7 zelaian. Hilaren 16an, Aves de Presa superheroien filma aukeratu dute eta Pontikako Frontoian emango dute. Uztaileko azken saioa 30ean izango da, Beraungo Pablo Sorozabal Plazan: Yesterday komediazko film musikala emango dute.
Abuztuan ere astero eskainiko dute emanaldia OzZinemakoak. Oscar Saria jasota duen Chihiroren bidaia euskaraz emango dute abuztuaren 6an. Cristobal Gamon ikastetxeko HH eta LH eraikineko patioan izango da animaziozko filma. Abuztuaren 13an, berriz, Ane filmak hartuko du lekukoa Miguel Irastorza Futbito zelaian; 20an, La caza Cristobal Gamon ikastetxeko patioan; eta 28an, Akelarre, Pontikako frontoian.
Zinema saio guztiak 22:00etan izango dira. Emanaldiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa da gonbidapena eskuratzea online do Lekuona Fabrikan. Gonbidapenak, saioa programatuta dagoen aste bereko astelehenean jarriko dituzte eskuragarri, eta gehienez lau gonbidapen eskuratu ahalko ditu pertsona bakoitzak.
Eguraldi txarrarekin, programatutakoak lekualdatzea aurreikusi du, bestalde, Tolosak. Aldaketa horien berri ere emango dute.