[Erreportajea] Haur eta nerabeen hitzekin Pasaia eraldatuz
Udalak herriko haur eta gazteen eskubideak babesteko plana garatu du; berorren bitartez, hiru ikastetxeetako 144 adingabe subjektu politiko bihurtu eta elkarlanean aritu dira herriaren garapenaren alde.

[Pasaiako Udalak babestutako edukia da ondorengoa]
Pasaiako Udalak abiarazitako Eskubidean planaren xede nagusia da udalerriko haur eta nerabeen eskubideak urra ez daitezen baldintza egokiak sortzea. Hortik harago, herriko gazteek zer-nolako Pasaia nahi duten erabakitzeko aukera eman eta haiek, aktiboki, eraldaketa prozesuaren buru izan daitezen lanean dihardute duela bi urte baino gehiagotik.
Aurtengo ikasturtean Karmengo Ama, Anunciata eta Pasaia-Lezo Lizeoko LH eta DBHko 144 ikasle inguruk hitza hartu, mamitu eta gauzatu dituzte euren nahi eta behar aski.
Haur eta nerabeen «ongia, garapen askea, aukera berdintasuna eta zoriontasuna» izendatu ditu ardatz Haur eta Nerabeen Eskubideen teknikari Eli Astiasaranek; hartarako, bost lerro estrategiko nagusi dituztela azaldu du: tratu ona eta prebentzioa; adingabekoen harrera, jatorria edozein izanda ere; autonomia eta balioen sustapena; komunitate segurua eta kalitatezkoa sortzea; eta haur nahiz gazteen partaidetza bultzatzea.
Adingabeak, subjektu politiko
Zerrendaturiko azken ildo horren barruan dago, hain zuzen, Eskubidean iniziatiba. Adingabeak subjektu politiko bihurtu, Pasaiaren garapenean txertatu eta herrirako dituzten proposamen nahiz iritziekin kalitatezko komunitatea elkar-eraikitzea da ideia.
Nola, baina? Udalerriko haur eta nerabeak euren borondatez ari dira parte hartzen programan, lan egiteko organo eta eremuak dituzte, eta horietan identifikatutako beharren arabera, batera edo bestera jokatzen dute: batzuetan zinegotzi edo udal teknikariekin zuzenean bilduta, eragileengana joaz, edota eurek sorturiko ekintza-planak gauzatuz beste zenbaitetan.
Organoko kide diren ikasleak udal politikan zuzenean parte hartzen ari direla nabarmendu du teknikariak, «ondorioz», gehitu du, «udalak benetako subjektu politiko modura hartzen ditu». Hartu-emana norabide bikoitzekoa da.
Proposatutako iniziatiben arabera, prozedura espezifiko bat diseinatu dute haur eta nerabeek hura aurrera eramateko.
Batzuk zuzenean martxan jartzeko ekintzetara bideratu dituzte —hala nola gazteentzako zinema— baina egon dira mahai gainean, halaber, denboran gehiago luzatzea eskatzen duten prozesuak; azken horiek gauzatzeko gazteen eta udalaren arteko elkarlana egon dela aitortu du Astiasaranek, ideia horiek udal egitura barruan aztertu, gazteekin aukera errealez zuzenean eztabaidatu eta zer egin daitekeen elkarrekin erabaki nahiz diseinatzeko.
Hitzetatik ekintzetara: proposamen bakoitzerako lanketa mota bat
2020-2021 ikasturtean Karmengo Ama, Anunciata eta Pasaia-Lezo Lizeoan parte hartzeko taldeak osatu dituzte LH eta DBHko ikasleek boluntarioki. Zentro bakoitzean, aldi berean, koordinazio mahaiak eratu dituzte udaleko teknikari, ikastetxeetako ordezkari, kanpo aholkularitza eta, zenbaitetan, baita ikasleek ere.
Parte hartu duten haur eta nerabeen kopuru handia dela kausa, gaiak anitzak eta euren artean oso ezberdinak izan direla aitortu dute partaideek. Hala nola, ingurugiroaren zaintza, berdintasuna kirolean, azpiegituren konponketak, gazteentzako espazioak, edota aisialdia izan dituzte ahotan.
Hizpide horietatik abiatutako prozesuak fruitu eman du, besteak beste, honako ekintza hauetan: kontzientziazio kanpainak, herriko hainbat txokotan garbiketak, zinema eskaintza, edota San Pedroko jolasgunearen eraikuntza.
Gazteen beste proposamen batzuk ez dira ekintza konkretuetan gauzatu, baina hausnarketa prozesu bat abiarazi dute etorkizunean erronka zehatz bilakatzeko.
Horien artean, aipatzekoa da emakumeen eta kirolaren arteko egoera aztertzeko diseinatutako galdetegia; hura ikasleen artean zabaldu zuten, eta 12-18 urteko nesken eta jarduera fisikoaren arteko harremana suspertzeko jarduerak garatzea dute asmo datozen hilabeteetan.
Eli Astiasaran De Miguel. Haur eta Nerabeen Eskubideen teknikaria: «Haurrak eskubide osodun herritarrak dira, beste edozein pasaitarren modura»
Nola lortzen da gazteen ahalduntzea?
Ahalduntzea ardurak hartzen joatea eta komunitatean horiek bizitzea da, kolektibo moduan herria eraldatzen joatea.
Prozesu integrala da. Haurren proposamenak jaso soilik ez, horiek gauzatu arteko prozesu osoan hartuko dute parte.
Proiektu horiek biziz, bidean ezagutzak eta balioak jasoz, taldean adostuz eta proposamenak gauzatuz lortuko dugu haurrek eta nerabeek euren buruak garatzeko ikasketa jasotzea. Ikasketa prozesuak dira, azken finean.
Zertan datza zehazki parte hartzea?
Haur eta nerabeek herriari buruz zer esan nahi eta zer aldatu nahi duten esateko aukera eskaini ez ezik, erabakiak proposatu eta haiek aurrera eramatea da ideia. Herrian eragin eta transformatzeko aukera eskaintzea.
Planaren bitartez, haur eta nerabeak beren garapenaren agente aktibo bilakatzen dira. Prozesu luze moduan ikusten dugu hori, eraldaketa prozesu moduan.
Nola ulertzen duzue haurra?
Haurrak eskubide osodun herritarrak dira, beste edozein pasaitarren modura. Begirada eta iritzi propioa duten subjektu politiko aktiboak dira.
Ez gara haurra ahalduntzen ari etorkizunean iritzi kritikoa izango duen heldua izan dadin, ez direlako etorkizuneko herritarrak, hemen eta orain bizi dira eta badute zeresana, iritzi kritikoa. Helduok ikasi behar dugu haurrak ulertzen.
Horretarako, haurrei aukera hori eskaintzeaz gain, gainontzeko bizilagunak begirada hori izan dezaten sentsibilizatu behar ditugu, gurasoak eta herritarrak oro har.
Zein onura dakartza horrela funtzionatzeak?
Parte hartze sistemak haurrak eta nerabeak nola sentitzen diren jakin eta haiei entzuteko aukera ematen digu eta, aldi berean, horiek ahalduntzea eta heztea dakar, iritzi kritikoa duten pasaitarrak sortzea, alegia.
Ezinbestekoa da haur eta nerabeek euren eskubideen inguruko kontzientzia indartzea, eta horretarako, nahitaez, gazteak aktore sozial modura ikusi behar ditu gizarteak.
Pasaia eraldatzen ari gara, ingurua eraldatzen, haur eta nerabeen proposamenekin herria hobetzen. Hezkuntza ardura partekatua dela onartu dugu eta eragileok, bakoitzak duen erantzukizunetik, elkarlanean dihardugu komunitate sareak osatzen eta indartzen. Gobernantza modu berriak praktikan jartzen ari gara.