Lezoko gazteen elkartasun, konpromiso eta indar erakustaldia
Lezoko gazteek larunbatean erre zen salto-saltoaren langileari laguntza emateko elkartasun kanpaina abiatu dute. Argazki erraldoia atera zuten atzo.
Lezoko gazteek aurrera urratsa egin dute. Herriaren, herritarren aldeko lanean duten konpromisoaren berri eman dute berriz ere. Oraingoan, larunbat goizaldean erre zen salto-saltoko langilea laguntzea dute xede: herriko tabernetan euro bateko bonuak erosteko jarriko dituzte astelehenetik (hilaren 28tik). Lortutako dirua zuzenean atrakzioko langilearentzat izango da.
Laguntza iniziatibaren berri emateko agerraldi jendetsua egin zuten atzo arratsean Lezoko gazteek. Langileari babesa adierazteko, gainera, argazki erraldoia egin zuten Karlos Saldise plazan.
Atzoko argazkia, eta laguntza kanpaina, gogoeta sakon batetik abiatuta dator: «Herri txikia da Lezo, eta konbentzituta gaude arazoei irtenbidea topatzeko modu bakarra gazteon arteko eta herritarren arteko sareak indartzea dela». Aldi berean, adierazi dute ez dituztela babesten asteburuetan herrian izan diren txikizio edo, larunbateko kasuan bezala, langile bati egindako kalteak.