Musukoaren erabilerari buruzko araudi berria: noiz da derrigorrezkoa?
Bihartik aurrera ez da maskararik erabili beharko aire zabalean. Salbuespen batzuk badira, hala nola, gutxieneko distantzia mantendu ezin denean.

Osasun Ministerioak eta erkidegoek aste hasieran Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluan adostu bezala, bihartik aurrera (ostirala) musukoaren erabilera ez da nahitaezkoa izango eremu irekietan eta aire zabalean, betiere pertsonen arteko gutxieneko distantzia (1,5 metro) bermatuta badago. Araudi berria bihar bertan sartuko da indarrean.
Hala ere, maskara bat beti eskura eraman beharko da, izan ere, kasu zehatz batzuetan hura puntualki erabili beharko baita. Honakoak dira salbuespen horiek:
- 1,5 metroko segurtasun tartea bermatu ezin denean (bizikideak ez diren pertsonen artean, betiere).
- Aire zabalean eta zutik egiten diren ekitaldietan (eserita eta distantzia mantenduz egiten direnetan ez da derrigorrezkoa izango).
- Erabilera publikoko eremu itxietan.
- Garraio publikoan, geltokiak eta nasak barne.
- Autoz bidaiatzean bizikideak ez direnekin.
- Edozein momentutan suertatutako jende pilaketetan.