Parez pare zabaldu du udalak HAPOaren gaineko debatea
Herritar guztiei zabaldu die foro tematikoetan parte hartzeko aukera udalak.
HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesuan Aurrerakin dokumentua aurkeztu du aste honetan bertan udalak, eta herritarren ekarpenak jaso nahi ditu orain. Debatea zabaltzea da, hain zuzen ere, dokumentu horren helburua. Horren harira, hiru hilabeteko epea izango da ekarpenak egiteko ohiko moduen bidez.
Hala ere, ekarpenak egiteko modu parte hartzaileago bat ere jarri du udalak abian. Datorren astean, Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan egingo diren foro tematikoak dira. Parte hartzeko izena eman behar da, eta asteburuan ere izango da izena emateko aukera. Foroak, astelehnean, asteartean eta asteazkenean egingo dituzte modu presentzialean. Astelehenean 16:30ean, kultura, euskara, kirola eta osasuna; egun berean, 18:30ean garapen ekonomikoaz ariko dira. Asteartean, klima aldaketa eta ingurumen arriskuak 16:30ean, eta mugikortasuna eta irisgarritasuna 18:30ean. Asteazkenean gizarte kohesioa, zaintza eta etxebizitza landuko dituzte 18:30ean.
Parte hartzeko izena eman behar da eta beharrezkoa balitz, zaintza zerbitzua jarriko dute. Osasun arrazoiengatik, taldeak 25 lagunera mugatuko dituzte, beraz, izena ematen duten lehenengo 25 herritarrek hartuko dute parte. Astelehen goizean egingo ditu udalak konfirmazioak.