Arrauna: San Pedro bigarren eta San Juango bi ontziak laugarren
Etxean hartu dituzte Pasaiako arraunlariek KAE1 eta ETE ligetako hirugarren jardunaldiak. KAE2 mailan, Bizkaian izan da Trintxerpe-Illunbe.
Atzo, igandea, KAE1 eta ETE ligetako hirugarren jardunaldia lehiatu zuten Pasaiako traineruek Donibanen.
11:20etan eman zioten hasiera emakumeek estropadari (horien artean, San Juan), eta 12:00etan hartu zuten txanda gizonek (San Pedro eta San Juango ontziak, artean). Elantxoben (Bizkaia) izan zuten KAE2 ligakoek bigarren jardunaldia egun berean, eta bertan izan zen Trintxerpe-Illunbe.
San Pedro bigarren izan zen V. Adegi banderan, etxean, Kaikuren atzetik. Gertutik jarraitu zieten arrastoa arrosek, laugarren postua lortuz estropada hartan. Gauzak horrela, moreak dira KAE1-eko sailkapen orokorreko buru, eta arrosak laugarren.
ETE ligan ere lan txukuna egin zuten San Juan-Koxtapeko emakumeek, Hibaikaren atzetik laugarren postua lortu baitzuten IX. Pasaiako Ikurriñan. Sailkapen orokorrean ere postu berdinean dira arrosak.
Hamar ontziren artean hamargarren izan zen Trintxerpe-Illunbe igandean, XXXIII. Elantxobeko Traineru Estropadan, eta postu berberean dago KAE2-ko sailkapen orokorrean.