Ortzadar koloreak zainetan
Ortzadar banderak ongietorria emango die herri sarreran heltzen diren guztiei gaurko egunez.
Errenteriako LGTBI Mahaiak deituta, genero, identitate eta sexua aniztasunaren aldarri den ortzadar bandera jai giroan igo zuten herri sarrerako mastan. Gaur da LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, eta testuinguru horretan hainbat ekintza antolatu ditu mahaiak Errenteria-Oreretan, atzokoa kasu. LGTBIQ+ banderak ordezkatzen duen aniztasuna Errenteria-Oreretaren DNAren ezinbesteko osagaia da; finean, aniztasunak egiten du herri bat aske, eta Errenteria-Oreretako zainetatik zerbait pasatzen bada, aniztasuna da hori.
Mastan bandera igota, Nafarroa etorbidean Vicente Vadillo Francisen omenezko plakan lore eskaintza egin zuten bildutakoek. 1979 ekainaren 10ean Espainiako Polizia Nazional batek hil zuen Francis. Gertakari latza, mugarria izan zen LGTBI pertsonentzat eta kolektiboarentzat, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko aldarria Euskal Herriko kaletatik barrena zabaldu baitzuten.
Argazkia eta bideoa Mikel Martin LGTBIQ+ kolektiboko herrikidearenak dira.