COVID-19ak kutsatutako bi egoiliar hauteman dituzte Sanmarkosenen
Zabaldutako informazioaren arabera, ez da beste positiborik une honetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.
Aspaldian ez da Errenteria-Oreretako adinekoen egoitzetatik COVID-19aren gaineko informaziorik heldu. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakinarazi berri duenez, baina, azken orduetan, COVID-19ak kutsatutako bi egoiliar hauteman dituzte Beraungo Sanmarkosene adinekoen egoitzan. Langile bat positiboa izan zen eta protokoloak agintzen duen bezala PCR probak egin zizkietela egoiliarrei eta langileei jakinarazi dute. Hor atzeman zituzten egoiliarren bi positiboak. Biek dute txertoa jasota eta ez dute sintomarik. Birusa egoitzan zabaltzea saihesteko, Eibarko Ospitaleko COVID-19 erreferentzia zentrora eraman dituzte bi egoiliarrak. Prebentzioagatik, halaber, bertan behera utzi dituzte positiboarekin harreman estua izan duten egoiliarren bisitak eta irteerak, osasun protokoloek ezartzen dutena jarraituz.
Zabaldutako informazioaren arabera, ez da beste positiborik une honetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Maiatzaren 5ean atzeman zuten egoiliarren artean azken positiboa, eta maiatzaren 19tik ez da kasu aktiborik izan egoitzetan. Txertaketa kanpainarekin egoera epidemiologikoa nabarmen hobetu dela baina birusa ez dela desagertu gogorarazi du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak, “pandemia ez da amaitu eta erne jarraitu behar dugu”.