Gure Zumardian lurpeko topo geltokia egiteko obra esleitu dute
Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidea egiteko aurrekontua 64,1 milioi eurokoa da, eta ia lau urteko epean bukatuko dituzte lanak.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoko kontratazio mahaiak lizitaziora atera zuen apirilean Altza, Antxo eta Galtzaraborda arteko topoaren trenbide saihesbidearen obra.
Lan horiek datozen egunetan esleituko dizkiote, 64,1 milioi euroko aurrekontuarekin, Comsa-Campezo-Azvi-Nortunel aldi baterako enpresa-elkarteari, iritzita azken hori izan dela trazadura eraikitzeko eskaintzarik onena egin duen hautagaia. Enpresak 46 hilabeteko (hiru urte eta hamar hilabete) epea izango du lan horiek gauzatzeko eta udazkenean hastea aurreikusi dute.
Zerbitzu berriari esker, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako topoak maiztasuna bikoiztuko du, 7,5 minutuero eskainiz zerbitzua hiriburuaren erdigunera egiten dituzten joan-etorrietan.
Obra berriak udalerrian eragingo dituen aldaketen nondik-norakoak hemen irakur daitezke.