Herriarentzat zabalik da Arizmendienea
Egun handia izan dute oiartzuarrek gaur. Bost urteko lanen ondoren, Urdinola-Arizmendieneak herriarentzat zabaldu ditu ateak parez pare.
Egun handia izan dute oiartzuarrek gaur. Bost urteko lanen ondoren, Urdinola-Arizmendieneak herriarentzat zabaldu ditu ateak parez pare. Aurrerantzean, lorategia publikoa izango da eta zabalik izango da goizetik gauera, ordutegi baten barruan, herritar orok espazio zoragarria goza dezan; udan turismo bulegoa bertan izango da kokatuta eta zabalik dago jada; Arizmendienea etxe museoa bisitatzeko aukera izango da; eta beheko aldean erabilera anitzeko aretoa ere inauguratu dute Oiartzungo artista plastikoen Puskak biltzen erakusketarekin.
Altxorra da Arizmendienea, zalantzarik ez da. Udalak mimoz eta detaile guztiak zainduz XX. mendeko bigarren hamarkadan Arizmendi familiak zuen moduan birgaitu du. Memoria da, historia da Arizmendienea eta orain, bihartik aurrera kulturaren arnasgune bilakatuko da.
Gaur arratsaldean egin dute Urdinola-Arizmendienearen irekiera ofiziala. Josune Cousillas zinegotziak hartu du hitza lehenik azaltzeko badirela urte batzuk udalak etxea eskuratu zuela eta ordutik gauza ugari gertatu direla etxearen bueltan: “Ondare izendatu dute, etxea berritu da, altzariak konpondu eta etxearen eta garaiaren historiaren hausnarketa eta errelato baten osaketa egin da”. Herritar ugari bertaratu dira irekierara, baita Arizmendi familiako kideetako batzuk ere.
Jexux Leonet alkateak zehaztapen gehiago eman ditu. 2012an bereganatu zuela eraikina udalak esan du, eta 2012tik 2015era aurrekontu arazoak zirela tarteko, eta proiektu garbi bat ez zegoelako geldirik egon zela ekarri du gogora. 2015ean herri hausnarketa abiatu zuten. “Herrian bagenituen behar garrantzitsu batzuk, kultura aretoa behar genuen, jubilatuen egoitza ere, udal eraikina ere zerbitzuak emateko txikia gelditu zitzaigun… Horrekin batera, genituen bi eraikin nagusi Mendiburu 14ko eraikina eta Urdinola-Arizmendienea eraikin hau zertara bideratu erabaki behar genuen. Hausnarketa sakona abiatu genuen udalak, eragile eta herritarrek. Eta hausnarketa prozesu horri esker erabaki genuen nola banatu, eta nola aurre egin beharrei eta udal eraikinei”. Herritar batzuen ekarpena eta laguntza “ikaragarria” izan zela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie horregatik, eta bi aipatu ditu: Elena Zalakain, ekitaldian izan dena eta Arantxa Lekuona, ez dena izan bertan. Bien ekarpena ikaragarria izan zela esan du Leonetek, lagundu zietela dimentsionatzen Urdinola-Arizmendienea etxearen balioa non zegoen.
Hausnarketa eginda, proiektua martxan jarri zuten. Etxea zegoen bezala berritzeko proiektua idazteko agindu, bulego teknikoa lanean jarri zuten, eta ondare izendatzeko prozesua martxan jarri zuen udalak, ondoren. Bost urte geroago, gaur zabaldu ditu ateak lanketa luze eta sakon horren emaitza den Urdinola-Arizmendieneak. Proiektuaren oinarriak bi zirela azaldu du alkateak, etxeak duen ondarea eta historia oiartzuarrei erakustea, eremuak duen garrantzia dimentsionatzea eta eremu bizi bat bihurtzea: “Etxe honek bere historia du, baina oraindik jarraitu behar dugu bertatik historia egiten, eta ziur naiz aukera emango digula izango duen erabilera anitz horretatik. Eremu goxo bat eta batez ere oiartzuarrentzako pentsatua eta ikusi nahi duen guztientzat”. Etxearen sarrera horman jartzen duen esaldiari erreparatu dio Leonetek bigarren oinarria azaltzeko, “hemen dagoena bere etxean dago, bere etxean sartzen da, hori da proiektu honen oinarria, nahi dugu oiartzuar guztiak hona etortzean beren etxean bezala sentitzea”.
Ondoren parte hartze prozesuan, berritze lanean, eta gaurko irekiera posible egiteko ekarpena egin duten herritar guztiei eskerrak eman dizkio Leonetek. Hitza eman dio, ondoren Elena Zalakaini. Bi mende eta erdi pasa dituen Arizmendienea jauregiak jakin-mina piztu ziela, 2016. urteko udaberrian bisitatu zutenean, esan du Zalakainek, historiaren ezagutzak berak lotuta dakartzan bi kontzeptuen inguruan, kulturala eta oroimen historikoa. Jakin-min hori asetzeko bidean etenik izan ez duen prozesu aberasgarria hasi zuela udalak ekarri du gogora, eta etxea, azken mendeko gertakarien lekuko izan dela. Ondare aitortza kanpoaldeak, baina barne egiturak ere jaso duela nabarmendu du ez delako ohikoa, baita lorategiak ere. “Denen ardura da ondare kulturala eta oroimen historikoa ondorengo belaunaldiei transmititzea, iraganeko pasarteak bere argi ilun guztiekin balioetsiz eta errespetatuz”.
Udara pasatzeko egin zen eraikinak, bisitariak jasoko ditu bihartik. Pozik azaldu da Arizmendieneak etorkizun oparoa izango duen zalantzarik ez duelako.
Etxearen ezaugarriak
Jon del Olmo Ogasun zinegotziak Urdinola-Arzimendienea zergatik bisitatu behar den azaldu du. 2020an jaso zuela kultura ondare izendapena zehaztu du. XVIII. mendean eraikitzeko agindu zuen Argidetar familiak Ameriketatik bueltan etorrita. Urdinola familiaren eskutara pasako da gero eta hortik dator Urdinola-Arzimendi izena. XX. mendean Angel Arizmendik erosi zuen etxea eta familiaren udarako etxea bilakatzen da. Bisitariei harrera egiten dien espazioa da etxera sartuta aurkitzen den lehen eremua. Lehen solairuan berriz, espazio publikoa aurkitzen da: sukaldea eta jangela estilo neobaskista altzariekin eta kolore biziekin; lehenengo solairuan aurkitzen da ere gela urdina, estilo frantseseko oso gela berezia. Bigarren solairuan, logelak aurkitzen dira, eta komuna. Ganbaran, neskameen gelak zeuden eta gaur egun 1915ean eraikitako kapera topa daiteke. “Orain arte aipatu ditudan elementuetako asko ondare materiala dira—gaineratu du Del Olmok—baina ez dut ahaztu nahi ondare immateriala ere, bertan bizi izan diren pertsonak, lan egin duten oiartzuarrak, bizimodu batzuk deskribatzen ditu etxe honek eta guzti hori ere kontuan hartuko dugu. Gaur ez da bukatzen etxearen historia, jarraituko dugu ikertzen eta sakontzen, historiako pasarte asko konta baitaitezke”.
Etxea bisitagarria izango da, modu librean edo gidatuan Cousillasek azaldu duenez. Udaran zehar bisita gidatuak larunbat eta igandetan izango dira 11:00etan eta 12:00etan, eta gehienez bederatzi pertsonako taldeak izango dira. Bisita libreak berriz, asteartetik ostegunera 12:00etan eta 17:00etan eta ostiraletan 12:00etan. Bisitak egiteko Oiartzungo Turismo Bulegoarekin jarri behar da harremanetan bertara hurbilduz, telefonoz deituz edo posta elektronikoa bidaliz. Neguan berriz, turismo bulegoa itxita dagoenean beste kudeaketa eredu bat ezarriko dutela esan du, egun zehatz batzuetan bisitak egiteko. Aurrerago emango dute horren berri.
Puskak biltzen
Eraikinak, erabilera anitzeko eremua dauka beheko aldean. Gaur bertan etxearekin batera inauguratu da bertan Oiartzungo artista plastiko hainbatek osatu duten Puskak Biltzen erakusketarekin. Eremu horren helburua, erakusketak, proiekzioak, hitzaldiak, tailerrak… hartzea da. Eider Bergaretxek eman ditu gaurko ekitaldi horretan erakusketaren gaineko xehetasunak. Etxea altxorra dela eta bertatik altxorrak sortzen jarraituko dutela esan du oiartzuarrak, “oraintxe bat jaio da, Puskak biltzen”. Lau pareta ez direla nahikoak Oiartzunek dituen artista plastiko ugarien talentua erakusteko eta horregatik sortu zutela gaurtik zabaldu duten erakusketa azaldu du, “erronka bat bihurtu zen artistentzat espazio horretan nola erakutsi obra multzo bat. Erronka aukera paregabea da. Hamahiru artisten lanak bildu dituzte bertara, baino ez paretetan zintzilik mahaia baten gainean baizik. Artista bakoitzak bere lan pare bat aukeratu ditu, zatikatu ditu eta egurrezko xafla txikitan inprimatu ditu. Guztira 111 pieza denak elkarrekin. Puska bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta denen batuketak istorio berri bat sortzen du etengabe, hutsune bat dagoelako, eta bisitariek piezak mugitzeko aukera izango dute emaitza berriak sortuz”. Artelan kolektiboa sortu dute artistek beraz, eta bisitariak ere inplikatu dituzte horretan.
Uztailean zehar izango da erakusketa bertan eta 16an eta 17an bisita gidatuak egingo dituzte. Bertaratzeko gonbidapenak hartu beharko dira turismo bulegoan.
Olarri dantza taldeak Edurne Saizarrek pianoan lagunduta dantzatu du eta hori amaituta, hamarreko taldetan bertaratutakoei etxea barrutik ezagutu eta gozatzeko aukera eskaini diete. Bihartik, parez pare ateak oiartzuar zein bertaratzen den ororentzat izango ditu Urdinola-Arizmendieneak, eta bertaratzen dena ez du epel utziko, benetako altxorra delako lorategitik hasi eta ganbararaino; altxorra eta historia eskailera bakoitzean, eremu denetan eta Leonetek berak esan duen moduan, “oiartzuarrentzat topagune garrantzitsua izango da, kulturarentzako plaza goxo bat. Hemen sartzen dena bere etxean dago, eta espero dugu oiartzuar guztiak horrela sentitzea hona etortzen direnean”.