Lobato etxeak 100 urte
«La Primitiva Fernando Lobato 1930. Fabrica de cepillos de todas clases para el ajuar de casa y aseo personal- para caballerías y carruajes- especialidad en cepillos industriales, pinceles y brochería general-crines rizadas. Teléfono 6141 Lezo-Rentería».
Geroago, 10 urte geroago, ondorengo iragarkia argitaratu zuten Revista Mensual Tyflofila Hispano Americana y Marroquí-n, 1940ko uztailean: «La Primitiva Fábrica de cepillos y brochas Vda. de Fernando Lobato. Cepillos de todas clases para ajuar de casa y aseo personal- limpieza de ganado- Brochería y Pincelería-Accesorios para Fábricas de Harinas y Fábricas de calzado- Especialidad en Rodillos para Papeleras. Teléfono 6141 Rentería-Lezo (Guipúzcoa)».
Lobato lantegiaren eraikuntza bere garairako aurrerakoia zen. Hari buruz, hauxe irakur dezakezu: «1921ean Fernando Lobatok baimena eskatu zuen lantegia eta bizitegi bat eraikitzeko Altzateko zubiaren ondoan. Eraikuntzaren arduraduna Antonio Setien arkitektoa izan zen, eta 1925ean handitu egin zuen. 1972an itxi zituen ateak. Beheko solairuan tailerrak eta goiko solairuetan enpresaren jabearen etxebizitzak zituen. Eraikina bitxia eta eklektikoa da, izen soziala duen kartela bezalaxe. Erratzak eta eskuilak egiten zituen lantegi zahar hori Lezoko lehen industrializazioaren jatorrizko eraikin bakarra da». Herreros Morentino, B. eta Zaldua Baena, J. Lezo: ondarea eta hiri garapena. 2009. Lezoko Unibertsitateko Udala.
Liburuan aipatzen den kartel bitxia erraz ikus dezakezu Iztietako bidegorritik, eraikinaren mendebaldeko fatxadan. Denboraren iraganak bere arrastoa utzi dion arren, artean erraz hauteman daitezke haren letra beltzak.
Orereta eta Lezo arteko mugaren zaindari gisa muinoan altxatzen den Lobato etxeak talaia hartatik ikusi ditu 100 urtez bi herriak garatzen. Garaian garaiko beharretara egokitzen joan zela erakusten dute iragarkiek, epe horretan zaldi-gurdietatik industria beharretara zuzendu zutelarik lana. Urte batzuk geroago, antza, emakumeek Lobaton egindako jardunagatik, emakumeen fabrika gisa egin omen zen ezaguna.
Baina beste hainbeste eraikinetan gertatu antzera, joan den mendeko 70ko hamarkadan isildu ziren Lobatoren barrunbeetan ekoizpen industrialaren oihartzunak. Zepiloek eta eskuilek heroinari utzi zion lekua. Hori ere, heroinaren kapitulua, gure herriko historiaren zati baita industria eta beste hainbat adierazpenekin batera. Eta 20 urte luze hutsik egon ondoren, hainbat lagunek okupatu zuten joan den mendearen eta milurtekoaren azken urtean.
Lobato etxearen erabiltzaileak aldatu ziren berriro, eta ordutik, artista zein kolektibo askorentzako kabi bilakatu da. Horma haien babesera bildu dira musikariak, antzerkilariak, DJak, zirkua eta bere jendeak eta, hango eta hemengo, beste hainbat adierazpen artistiko.
Mendeurrena betetzearekin batera, antza, beste aldaketa bat pairatuko du Lobato etxeak. Azkena, betetzen bada, behintzat. Urte luzeetan hilurren da zepillo lantegi zaharra. Altzate inguruan egin nahi den deitu sarraskiak, deitu desastreak, deitu nahi duzun bezala, zipriztinduko du Lobato etxearen etorkizuna. Etxebizitzaren beharretan baino diru gose asegaitzaren espekulazioak emango dio amaiera mendeko jardunari. Eta nire buruari galdetzen diot zer behar ote dagoen Lobato etxea eraisteko, non eta nori egiten ote dion traba.
Kultur faktoria berria dugu Oreretan, Lekuona. Erabat beharrezkoa zen, noski, eta asko pozten naiz ogi fabrika zaharraren barrunbe berrituetan sortuko diren kultur taupada berrien uhinek hainbeste beharrean dagoen kultur eta arte esparrua argituko dutelako. Baina ezin ote dute sekula elkarbizi instituzioetatik eta herri ekimenetik, kasu honetan kultur eragile alternatiboetatik, sortutako eta kudeatutako proposamenek?
Lobato Etxeak 100 urte. Zorionak urte pilaketagatik eta zorionak bizirauteko borrokagatik. Opari ederra litzateke Altzate Berriko etxeak iragartzen dituen leloaren ondoan Altzate parkearen marrazki eder bat paratzea, Lobatoko artistek sortua, Lobato etxea zaharberritua muinoan duela. Graffitiengatik ezaguna den bezala etxea, proposamen herrikoiaren irudiagatik izan dadila parkea. Badakizu, irudi batek mila hitz baino gehiago balio omen ditu…