Izaskun Gomez: "Erantzukizunerako eta zuhurtziarako unea da"
Pasaiako alkateak gogorarazi du herriko jaiak ospatzeko egunak iritsi diren arren, aurten bertan behera geratu direla eta ez dela "ospakizunetarako unea".
Pasaiako alkate Izaskun Gomezek adierazpen publikoa egin du herriko jaiak ospatzekoak diren egunotan zuhurtzia eta erantzukizuna galdegiteko herritarrei. Udalburuak gogora ekarri du aurten ospakizun ofizialak bertan behera gelditu direla.
“Ez da ospakizunetarako unea, erantzukizunerako eta zuhurtziarako unea da”, aldarrikatu du Gomezek. Pasaitarrei lankidetzarako deia egin die, “agerraldi gehiago gerta ez dadin”.
Datorren urtera begira jarri da alkatea, espero baitu, “guztion ahaleginari esker”, 2022an berriro elkartu ahalko direla bizilagunak “Pasaian herriko jai seguruak berreskuratuz”.
