Hainbat zauritu eta hiru atxilotu Antxon igande goizaldean
Igande goizaldean ertzainek 18 eta 19 urteko hiru gazte atxilotu zituzten, botiloi baten ondorioz sortutako desordena publikoengatik.
Erretako kontainerren sugarrek kalteak eragin zituzten alboan zeuden hainbat ibilgailutan. Ertzaintzak 18 urteko bi gazte eta 19ko bat atxilotu zituen igande goizaldean Antxon, ustez kale zurrutean zebiltzanek sortutako desordena publikoengatik, Ertzaintzak adierazi duenez. Herriko gazteek salatu dute poliziak jendea dispertsatzeko erabilitako indarkeriak hainbat zauritu utzi dituela, atxilotuez gain.
Goizaldeko 04:30a aldera Ertzaintzaren hainbat patruila (gutxienez dozena erdi auto) Ibaiondo frontoiko zabalgunera bertaratu ziren, han musikarekin kale zurrutean ari ziren hamarnaka lagunak dispertsatzeko asmoz.
Poliziak adierazi du gutxienez bi kontainerri su eman zietela geroago gau hartan, kalteak eraginez inguruan zeuden hainbat ibilgailutan. Suhiltzaileak Hamarretxeta kalera bertaratu behar izan ziren sugarrak itzaltzera.
Gertakarien harira une hartan kalean ziren gazteetako hiru atxilotu zituen Ertzaintzak, desordena publikoak egotzita. Atxilotzeak egikaritzeko eta kalean zirenak dispertsatzeko poliziak erabilitako “bortizkeria” gaitzetsi nahi izan dute hainbat bizilagunek.
