Pasaia Kayak-eko neskek hiru garaipen lortu dituzte Bidasoa eta Urolan
Piraguista pasaitarrek podiumak bete dituzte larunbat eta igandean izandako lehietan. Bigarren izan da kluba, orotara, taldekako sailkapenean.
Joan den asteburuan lehiatu dira Gipuzkoako ibaietako piraguismoko bi proba nagusiak, eta herriko ordezkaritza podiumera eraman du Pasaia Kayakek.
Larunbatean Bidasoa Ibaiaren 54. Nazioarteko Jaitsiera lehiatu zen, 200dik gora parte hartzailerekin, eta Laura Zunzunegi pasaitarrak aurreikuspenak bete zituen, klubeko arduradunek adierazi dutenez, “garaipen garbia” lortuz gazteen mailan. Ion Carballok denbora galdu zuen talka baten ondorioz, baina, dena den, marka txukuna lortu zuen ere, hirugarren postuarekin podiuma itxiaz.
Igandean Urola ibaiaren igoera-jeitsieran Zunzunegik bezperako garaipena errepikatu zuen; eta arrakasta bikaina, halaber, Maialen Vitoriak kadete mailan lortu zuena, garaipena erdietsi baitzuen lehen aldiz. Carballok bigarren postua lortu zuen. Aipatzekoa, halaber, Aitor Arrietak beteranoen sailkapenean lortutako bigarren postua.
Azkenean, eta talde osoak egindako lanari esker, bigarren izan zen Pasaia Kayak taldekako sailkapenean 157 punturekin, Itxas-Gain irabazlearen atzetik (189 puntu) eta Santiagotarrak taldearen aurretik (141 puntu).