Lezoko Badia Berri gizarteratze enpresa bisitatu du Markel Olanok
Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak laneratzen dihardu enpresak. Diputatu nagusiarekin batera bertan izan da, besteak beste, Aizpea Otaegi.
Markel Olano diputatu nagusiak Badia Berri gizarteratze enpresa bisitatu du gaur goizean, eta bertan Elkar Ekin Lanean 2021-2023 Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatzeko Gipuzkoako Estrategiak lurraldeari eskaintzen dion aukera aldarrikatu du. Enpresak Lezon duen planta ezagutzen izan da Olano.
Badia Berri enpresa 2005 urtean jarri zen martxan Oarsoaldea Garapen Agentziak bultzatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hasieratik bere helburu sozial nagusia lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzea izan da.
Bertako jarduna ezagutzeko, Olanorekin batera Lezora bertaratu dira Oarsoaldea Garapen Agentziako presidente eta Errenteriako alkate den Aizpea Otaegi; Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua; Unai Andueza, Proiektu Estrategikoetako foru zuzendaria; eta enpresako arduradun nahiz langileak.
Konpainiaren eginkizun nagusia industria prozesu intentsiboen eskulana azpikontratatzea da, eta kautxuzko piezak garbitzea da bere jarduera nagusia. Honela, Badia Berrik baztertzeko arriskuan dauden pertsonen lan inguruko ikaskuntza ahalbidetzen du jarduera ekonomiko baten bidez.
Gaur-gaurkoz, 32 langile ditu enpresak, gehienak emakumezkoak. Hiru urteko iraupena duen insertzio programa planteatzen du Badia Berrik, enplegua eta laguntza soziala barne hartzen dituena. Enpresa martxan jarri zenetik, 130 pertsona baino gehiago pasa dira bertatik, eta hauetako zatirik handienak lana lortu du Badia Berriko ibilbidea amaitu eta denbora gutxira.