[Bideoa] Portugal izango du ohorezko gonbidatu 2022ko Pasaia Itsas Festibalak
Datorren urteko maiatzaren 26tik 29ra bitarte ospatuko da jaialdiaren bigarren edizioa. Lehorreko jarduerak barruti guztietan antolatuko dituzte.
Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean Pasaia Itsas Festibalaren bigarren edizioa. Badiak 2022ra arte itxaron beharko du kontinenteko puntu ezberdinetatik etorritako ontzi tradizionalen itsas ondare eta kulturaren topagune bihurtzeko; zehazki, maiatzaren 26tik 29ra bitarte ospatuko da jaialdia.
2020ean zen egitekoa bigarren edizioa, baina birusagatik bertan behera utzi behar izan zuten antolakuntza. Gauzak horrela, litekeena da joan den urtean aurkeztutako gonbidatuetako batzuk izatea datorren urteko protagonista; ohorezko gonbidatua Portugalgo Moita herria izango da (hala zegoen aurreikusita 2020rako ere).
Programa
Aurreko urtean 30 metrotik gorako Marite, Oosterschelde eta Shtandart itsasontziek festibalean parte hartuko zutela iragarri zuten, eta gutxienez azken biek berretsi dute, gaur-gaurkoz, 2022ko festibalean Pasaian izango direla. Gaur ireki dute epea parte hartzeko interesa eduki lezaketen itsasontzi tradizionalek izena eman ahal izateko, Pasaia Itsas Festibalaren webgunean.
Albaolako presidente Xabier Agotek adierazi du, oraindik parte hartuko duten ontzien kopuru zehatza konfirmatzeke badago ere, antolakuntzaren asmoa dela lehen edizioko ontzien kopurua gainditzea (125 izan ziren orduan). Gainera, 2018ko arrakasta errepikatzea baino, “hobetzea” dute asmo hurrengoan, jakinda 125.000 bisitari baino gehiago hartu zituela badiak urte hartan.
“Bi festibal batera” izango direla aitortu du Agotek, ur gainekoa eta lehorrekoa, izan ere, Pasaia osatzen duten lau barrutietan antolatuko baitituzte ekitaldiak 2022koan. Oraindik ez dute horiei buruzko informaziorik aurreratu, baina datozen asteetan hasiko dira festibaleko lantaldeak inguruko kultur eragileekin biltzen egitaraua elkarlanean osatzeko.
Xehetasun guztiak festibalaren webgunean iragarriko dituzte, konfirmatu ahala.