71. Gipuzkoako Helduen Dantza Solte Txapelketa, larunbatean
Ereintza Dantza Taldeak antolatuta, Niessenen egingo dute txapelketa 19:00etatik aurrera. Zazpi bikotek parte hartuko dute.
Ereintza Dantza Taldeak 71.enez antolatu du Gipuzkoako Helduen Mailako Dantza Solte Txapelketa, larunbaterako. Niessenen egingo dute txapelketa, zazpi bikoterekin, 19:00etan hasita. Errenteriako Udalaren, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren, eta Errenteriako Udal Txistulari Taldearen laguntza jaso du Ereintzak kultur ekitaldia antolatzeko. Hau Bizipoza! kultur egitarauaren barrukoa da jarduera.
Txapelketa madalenetakoak ziren egunetan egin ohi da, azken urteetan Niessengo Xabier Olaskoaga plazan. Aurten, ordea, Niessen barrura eraman dute dantzaldia, koronabirusaren zabalkundearen kontrako irizpideek hala behartuta. Beraz, aurretik sarrerak eskuratu beharko dituzte bertan izan nahi duten ikusleek.
Irabazle izango den bikoteak Antton Mendizabal oiartzuarraren taila eta 350 euro irabaziko ditu; bigarrenek garaikurra eta 250 euro; hirugarrenek garaikurra eta 200 euro; eta gainontzeko bikote guztiek 70 euroko ekarpena jasoko dute dieta gisa.