Hondakinak aukera bihurtuta
Irizar enpresak autobusetako fokuak utziko dizkio Don Bosco LHII zentroari, ikasleek aztertu eta konpon ditzaten.
Elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen departamentuak, Emaus Gizarte Fundazioak, Don Bosco LHII Ikastetxeak eta Irizar S.Coopek. Horren bidez, Irizarrek sobran dituen materiala eta produktuei bigarren bizitza emango diete, Don Boscok material didaktiko gisa erabiliko baititu.
Hondakinak aukera bihurtuko direla proiektuari esker esan zuen atzoko aurkezpen ekitaldian Jose Antonio Alonso Ingurumen diputatuak, “ekonomia zirkularra sustatuko da, berrerabilpena eta birziklapenaren bidez, eta ikaskuntzaren, ekintzailetzaren eta sormenaren ardatz bihurtu”. Hala, Irizar enpresak autobusetako fokuak utziko dizkio Don Bosco LHII zentroari, ikasleek aztertu eta konpon ditzaten.
Iniziatiba Birsortu programaren barruan kokatuta dago. Iaz jarri zuten martxan. Emausen Factory eraikinean kokatuta dago espazioa, eta materiala asteazken arratsaldeetan jaso daiteke doan, hitzordua eskatu ondoren posta elektronikora mezua bidalita.