Lezoko udal egoitzetan egin diren pintaketak salatu dituzte
"Proposamenak modu zuen eta formalagoan egin behar dira", adierazi du udalak. Garbiketen kostua handia izango dela adierazi dute.
Lezoko Udalak jakinarazi du hainbat udal egoitzatan pintaketak agertu zirela asteartean (hilaren 14an). Zehazki, Kultura, Euskara, Kirola eta Hirigintza departamenduetako lokaletan egin dituzte. Udalak gaitzetsi egin ditu pintaketak: “Gizalegez jokatzeko eskatzen diegu herritarrei, gertaera hauek berriro ez errepikatzeko”.
Udal erakundeak nabarmendu du ekintza horrek garbiketa lan gehigarria sortuko duela, gastu publikoa handituz. “Batzuek, protesta egiteko aitzakiarekin, udalaren ondarea hondatzen dute”. Aldi berean, “proposamenak modu zuzen eta formalagoan” egin behar direla adierazi du udalak.
Pintaketen garbiketan sakonduz, udalak jakinarazi du lezoarrei kostua sortaraziko diela azaleko lehen garbiketaz gain, eraikin horietako harrietan tratamendu berezia egin beharko delako.