[Erreportajea] Herrimina 'bizipoz' bilakatuz
Errenteria-Oreretako kultur eragileek ondoz ondoko bi urtetan indarrak batu dituzte Hau Bizipoza! iniziatibaren barruan udalerria girotzeko. Abuztu bukaerara arteko programa zabala ondu dute.
Bigarren urtez jarraian madalenak bertan behera uztea erabaki dute Errenteria-Oreretako Udalak eta Jai Batzordeak «osasun publikoaren mesedetan, elkar zaintza lehenetsiz».
Egitaraua antolatu ohi duen batzorde hartako kide da Iker Rodriguez Cordero, eta oraindik arrotz zaio, hari ere, bizi izan dituen lau hamarkadetako uztailetako kalejirak aurtengoan ere ikusi ezingo dituela pentsatzea. «43 urte ditut eta denbora horretan 1983ko [alkateak txupinazoan Espainiako bandera balkoian jarri izanaren aurka piztutako gaitzespenagatik] madalenak bakarrik ikusi ditut eteten», azaldu du oreretarrak, «beti izan ditut bidelagun, azken bi urteotan izan ezik».
Nostalgiak kutsaturiko hitzen atzean, ordea, ilusio berezkoa adierazi du Rodriguezek 2021eko ez-jaiez hitz egiterako orduan, izan ere, Madalen Jairik egongo ez delarik ere, bada herrimina baretzeko uztail eta abuztuan lur hartuko duen iniziatiba bat: Hau Bizipoza!.
2020ean jaiotako saiakeraren bigarren edizioa izango da aurtengoa, baina guztiz bestelakoa, iaz online egin behar izan ziren ekitaldiek aurten herriko kaleak hartuko baitituzte.
Madalenak antolatu ohi dituzten herriko eragileen artean udako programazio bat osatzeko ahaleginaren fruitu da Hau Bizipoza!. «Pandemia garaian ikusi genuen herrian zerbait egin behar genuela, beharra zegoela». Arduraz egindako lana izan dela aitortu du jai batzordeko kideak: «Zaintza izan dugu ardatz, horretan dihardugu, baina horren barruan kultura ere bada gure bizimoduaren parte oso garrantzizko bat».
Iker Rodriguez Cordero. Errenteria-Oreretako Jai Batzordea: «Jendeak poz handiz bizi dituen egunak dira, bizitza osoan zehar izan ditugulako gurekin»
Aurtengoan, gainera, joan den urteko eskarmentuan funtsatuta ekin diote lanari, eta egoera epidemiologikoa «hobea» zela alde izanik, gainera. «Iaz dena berria zen, ez genekien jendeak nola erantzungo zuen, baina orain ohitu gara aforo mugatuekin, musukoekin eta neurriekin gozatzen kulturaz; ikusi dugu gauzak antola daitezkeela».
Errenteriarrek formatu berria eskertuko dutelakoan dago Rodriguez, herriak, bere horretan, «giroa» baduelako: «Jendeak poz handiz bizi dituen egunak dira, bizitza osoan zehar izan ditugulako gurekin madalenak: txikitan gurasoekin, geroago lagunartean gure lehen parrandak egiten, eta azken urteetan antolatzen eta gozatzen». Sinetsita dago bizilagunek arduraz jokatuko dutela indarrean dauden neurriak bermatze aldera.
Egitaraua
Madalenak izan ohi diren egunetan eragile guztiek antolatutako ekitaldiak pilatzeari «zoramena» iritzita, programa zabalago bat atontzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek. «Hala», azaldu du oreretarrak, «eragileok jarduerak antolatu genituen eta horiekin osotasun bat osatu dugu, hau bizipoza! lelopean».
Ahalegin berezia egin dute adin eta publiko orotarikoei zuzendutako egitaraua osatzeko, eta badirudi bide onetik doala saiakera, hainbat eta hainbat ekitalditarako sarrerak online eskuragarri jarri eta oso denbora laburrean agortu baitziren.
Udako programazioa martxan da, eta ekitaldiak hasiak jadanik. Abuztuaren 28an izango da Errenteria-Oreretako kultur udari bukaera emango dion azken jarduera, eta bien bitartean dantza, bertsolaritza, zinema, umorea, erakusketak eta orotariko eskaintzaz gozatua hartu ahal izango dute herritarrek.
Hilaren 21etik 25era, madalenetakoak beharko luketen datetan, alegia, balkoiak apaintzera deitu dituzte errenteriarrak eta zapia soinean eramateko eskatu diete. Xanti eta Maialenek ez dute kale egingo aurtengoan ere. Egitaraua osorik kontsulta daiteke webgunean.
Gozamen nahiz aldarrikapenerako baliatu nahi dituzte Makarenak
Jaiak herritik herriarentzat antolatzeko helburuz gorpuztu zen OaingozHau mugimendua, hala azaldu du Anetz Aizkorreta oreretarrak. «Nolako jaiak nahi ditugun hausnartu, eta horren arabera ekin», hori dute gako.
Aurten Hau Bizipoza! iniziatibaren barruan egitaraua ondu dute herriko gazteek, eta jairik ospatu ezinean, Makarenak izenpean aurkeztu dituzte hilaren 29tik abuztuaren 1era arte herriak hartuko dituen emanaldiak, denak Linon (Agirre Lehendakariaren plazan).
Ezohiko egoerari egokitzeko, «ezohiko formatua» hautatu dutela azaldu du Aizkorretak. Artistei dei egin beharrean, maiatzean ikuskizun bila zebiltzala iragarri zuten, gonbidapena luzatuz egitarauaren parte izan nahi zuen orori. Hiruzpalau erantzun jaso zituzten.
Oreretarrak deialdi irekia egokitzat jo du «oreka» mantentzeko «betikoak» izan litezkeen taldeen eta jaioberri diren horien artean: «Horrela, behar edo gogo gehien duten horiei ere aukera ematen diezu, bestela, nahigabe, guk buruan ditugunei deitzen diegu soilik».
Antolakuntzari dagokionez, «nabarmen errazago» iritzi dio kideak aurtengo prozesuari, indarrean dauden arauek ez baitute ahalbidetzen ohiko madalenetan taldeak gain hartzen dituen lan horiek guztiak aurrera eramatea. «Madalenetan jarduerak bost egunez antolatu ohi ditugu, gau eta egun, eta hainbat arlotan gainera: sukaldea, barra…». Lan hori, gainera, bi gunetan egiten dute normalean: Lino eta Parnierren.
Aurtengo txikitasunak, ordea, zuhurki pentsatutako egitaraua osatzeko aukera eskaini die, eta logika argi batekin antolatu nahi izan dituzte ez-jaietako egunak: txikitik handira. «Eguna hasiko dugu bakarrizketa, antzerki, ipuin kontaketa, eta halakoekin. Gero ideia da intentsitatea in crescendo joango da agertokian gaualderako».
Aldarrikapenerako lau egun
Makarenen izaera zer-nolakoa irudikatu duten galdetuta, argi du taldeak zein irizpide dituzten zimendu: «Egitarauan kontuan hartu dugu emakumeen presentzia, adin tarte ezberdinei zuzentzea, euskara, aniztasuna… Horiek beti izan dira OaingozHau-en baldintzak».
Kultura ogibide duten horiei bulkada ematea ere dute xede: «Madalenik ez baita egongo, eta hau modu bat ere bada herrigintza ikusgarri bihurtzeko, hemen gaudela gogora ekartzeko, itzalean geldituko bagina arrisku handian ikusten dugulako geure burua». Aipaturiko balioek saretzen dute lantaldea, «pizten» dituela aitortu du Aizkorretak, eta nolako herria nahi duten irudikatzera daramatza.
Jaiak aldarrikapenerako unea ere badirela sinetsita daude: «Klabea da beste jai eredu bat sustatzea, eta urtean zehar ditugun borroka guztiak, jakinda jaietan dena handiesten dela. Datak baliatzea kaleetan ere gurea den hori aldarrikatzeko».
Gonbidapen zabala egin diete bizilagunei ekintzetara batzeko, eta gogorarazi dute «gune autogestionatuak» izango direnez, nork bere jan eta edalontzia eramatea gomendagarria dela.