Euskadiko Itsas Kayak Koparen Txapelketa, igandean Pasaian
Pasaia Kayak etxeko taldeak antolatu du Itsas Kayakeko Euskadiko Koparen XVI. ediziorako puntuagarria izango den lehenengo proba.
Pasaian eta Sanabrian (Zamora, Espainia) arituko dira Pasaia Kayak taldeko palistak datorren igandean, hitzordu bikoitzarekin. Etxeko taldeak antolatu du Itsas Kayakeko Euskadiko Koparen XVI. ediziorako puntuagarria den lehenengo proba, 12 kilometro eta 400 metroko ibilbiderekin.
Klubak adierazi du Aritz Araneta eta Lander Rodriguez dituztela aukerarik argienak senior mailan garaipena lortzeko, baina lehia “estua” izango dutela, partaidetza maila aurreikusten. Izan ere, Euskal Herriko eta Kantabriako modalitate honetako espezialista gehienak hartuko baititu probak.
Itsaso barea dago iragarria, eta horrek lehian eragin handia izan lezakeela adierazi du Txema Yarza klubeko presidenteak: “K-2en olatuari eusteko gaitasuna gakoa izan liteke, besteak beste, banakako lanaren nondik norakoan”. Horrekin batera, eta lehen aldiz, SUP oholen lehiaketa ere izango dela iragarri du, 14’-ko oholekin, eta piragua tradizionalekin batera aterako dira irteera nagusia baino minutu batzuk lehenago, ibilbide bera betetzeko. Arduraduna gogotsu da: “Partaidetza polita espero da”.
Bestalde, eta lehen aldiz halaber, klubeko lau piraguistak ordezkatuko dute Euskadiko Selekzioa Sanabrian (Zamora, Espainia) jokatuko den k-4 ontzien Sanabriako 58. Nazioarteko proba ospetsuan (Gaztela eta Leongo sari nagusia da), denboraldian orain arte lortu dituzten emaitza onen ondorioz, hautespen-probetan horretarako txartela lortuta.