Nori tokatu
Donostiatik etxera autobusez itzuli naiz gaur. Ate ondoko aulkian eserita mugikorrean zerbaiten bila hasita ez diet begiratu sartzen ari direnei. Baina halako batean parez pare mutiko bat entzun dut pozik solasean. Ez dut esandakoa ulertu, hizkuntz arrotza, baina irribarre egin diot. Orduan ama eta autobus gidaria ika-mikan sumatu ditugu: ez du bien bidaia ordaintzeko nahikoa esku-dirurik. Mutikoaren poza uxatu egin da. Ez dakit autobus gidariaren hizkuntza ulertu duen baina arazoren bat dagoela badaki. Zakar ari zaio gizona amari. Hizketaldiaren bolumena handitu da, gainontzeko bidaiarien isiltasuna arnasten den bitartean.
– Ez, banku txartela ez da onartzen. Ordaindu ala jaitsi, bagoaz eta—, bota dio sententzia.
Eskua patrikan sartu eta falta duen dirua eman diot. Bi euro eskas. Esku ahur horixkan jaso ditu txanponak emakumeak.
Hala tokatu zaie, pentsatu dut. Johannesburg-en dagoen Apartheid Museoan bezalaxe. Han bi txartel mota banatzen dituzte: zuria eta beltza. Eta ausaz bata ala bestea tokatu ahala ate batetik ala bestetik hasi behar da bisita. Zorizko bizitza, alegia.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxerik gabe daudenen azterketa bi urtean behin egiten da. Data jakin batean eta hainbat hiritan aldi berean egiten den ekimena da. Aterpetxeetan eta bereziki kaleetan. Gaueko hamarretan hasi eta goizaldeko ordu biak bitartean kalean topatzen diren etxerik gabeko pertsonak identifikatu, haiengana hurbildu eta solasaldi laburra gauzatzean datza. Haien ezaugarriak jakitea, egoera ikustaraztea eta beharrak ezagutzea da helburua.
Laguntzaile gisa aritzen direnentzat berezia da ikasgaia. Denak ez dira kalean eskean ibiltzen diren horietakoak, egoera ezkutuan bizi duenik ere bada. Duintasun bila. Haien azalean jarri eta gaua non pasa imajinatzen hastea ezinbestekoa bihurtzen da.
Gizonezkoek, ziurrenik, tokirik epelenak aukeratuko dituzte. Emakumeok halako egoera bat egokitzekotan tokirik ezkutuena, ilunena aukeratuko genukeela diogu, ordea. Segurtasun bila. Ia 3.000 pertsona zenbatu ziren 2020ko azken azterketan. Baina nago ordutik egoera okertu egin dela; langabeziak, errefuxiatu andanak eta pandemiaren arrastoak ondorio larriak izango dituela.
Txartel guztiak ez dira berdinak.
Autobus barruan gaude, maskarak jarrita. Txanponak jaso eta begiekin esker ona besterik ez dit adierazi. Azal beltz-beltza duen emakumeagandik dirua jaso duenerako gidaria baretu egin dela dirudi. Ahotsa apaldu eta ordura arteko zakartasunagatik damua erakutsi nahian edo. Txartel zuri-zuria eman dio oraingoan emakumeari. Agian, halako egoera bat ez duela hain urruti ohartuta. Nork daki hurrena nori tokatuko ote zaion.