Bueltan da Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldia
Iazko "atsedenaldiaren" ondoren, esku pilota txapelketa herrikoian izena emateko epea zabalik da. Txingurri tabernan dago zerrenda.
Allerru Pilota Taldeak antolatuta, aurten ez du hutsik egingo Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldiak. Iazko “atsedenaldiaren” ondoren, esku pilota txapelketa herrikoiaren 45. ekitaldia martxan jarri dute.
Partidak Koldobike Gezala pilotalekuan jokatuko dituzte, COVID-19a dela-eta baldintza bereziak ezarriko dituztelarik. Horietan kanporaketa sistema erabiliko dute.
Hiru kategoria hitzartu dituzte Allerru Pilota Taldekoek: 12 urtetik beherakoena; 13-15 adin tartekoena; eta 16 urtetik gorakoena.
Txapelketan izena eman nahi duten lezoarrek Txingurri tabernara joan behar dute, han dagoelako izen ematerako zerrenda. Hilaren 31n bukatuko da apuntatzeko epea. Partidak abuztuko lehen astean dira hastekoak, eta irailaren erdialdera bukatuko litzateke lehia, betiere bikote kopuruaren arabera.