Frankismoaren biktima izandako udalbatzari errekonozimendua, justizia eta erreparazioa eskainiko dizkiote
Irailaren 11n ekitaldi instituzionala egingo du udalak errepresio frankistaren biktima izan zen udalbatza omentzeko. Beste bi omenaldi ere aurreikusi ditu udal langile bat etagaraiko maisu maistrak omentzeko.
Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Elkarteak bultzatuta, adierazpen instituzionala onartu zuen atzo Lezoko Udalbatzarrak aho batez. Erregimen frankistaren biktimei aitortza egiteko adierazpena da onartutakoa, zehazki, 1936ko kolpe militarra eman zenean, Lezoko udalbatza osatzen zutenei, eta korporazio horri, errekonozimendua, justizia eta erreparazioa ematea da helburua. Ez horiei bakarrik, baita, Lezoko Udalarekin lotuta biktima izan zirenei, baita irakaskuntzan aritu eta errepresio frankistaren biktima izan ziren hainbat herritarrei ere.
Adierazpen instituzionalean garbi jaso dute udal korporazioa demokratikoki aukeratu zutela herri bozketan, eta armen indarrez desegin zutela frankistek, “tropa kolpistak gure herrian sartu ondoren errepresaliatutako kideren bat ere izan zen eta korporazio horren ordez frankismoaren elementuak ezarri zituzten”.
Izen abizenak jarri dizkiete zinegotzi horiei: Jose Gezala, Vicente Aierdi, Patricio Lopetegi, Aquilino Ibarguren, Jose Maria Bengoetxea, Ignacio Pikabea, Angel Ibarguren, Venancio Salaberria, eta Florencio Salaberria.
Felix Arriaga Zapirain ere jarri dute lehen lerroan. Udal langilea zen Arriaga eta frankistek herriko beste pertsona batzuekin batera hil zuten 1936ko abuztuaren 26an. Aintzespen eta erreparazioa eskatu dute adierazpen instituzionalean baita Antonia Altuna, Miren Gezala Sagarzazu, Victoria Igarzabal, Ricardo Fernandez Gallo, eta Maria Paz Ovejero irakaskuntzako profesionalei ere: “Zigor gogorrak jaso zituzten eta errepresaliatuak izan ziren frankismoagatik Lezon, irakaskuntza publikoa, laikoa, doakoa, herrikoia, mistoa, askatasunezkoa eta derrigorrezkoa emateagatik”.
Horiek guztiak omentzea proposatu du Etxetxo elkarteak, eta bat egin du eskaerarekin plenoak. Horiei guztiei aitortza, justizia eta erreparazioa emateko bideak ere zehaztu dituzte. Hasteko eta behin, tokiko ekitaldi instituzionala egingo du udalak aurtengo irailaren 11n 1936ko irailaren 13an indar frankistak Lezon sartu zirenean demokratikoki hautatu ziren udalbatzako kideei omenaldia egiteko. Horretarako plaka jarriko dute udalbatzaren aretoan, korporazio hartako kideen izenekin eta gertaeraren azalpen labur batekin. Ekitaldi horretara trantsizioa hasi eta gaur egunera arteko agintaldi demokratikoetako Lezoko zinegotzi guztiak gonbidatuko dituzte, baita omendutako pertsonen senideak ere.
Arriagak ere izango du bere omenezko plaka. Udaletxearen kanpoaldean jarriko dute hori, “leku ikusgarri batean”. Udal langile gisa lanean ari zen bitartean erail zuten Donibane kalean Errepublikar Zentroaren aurka jaurtitako bonba baten ondorioz. Beste bi pertsona hil ziren Arriagarekin batera eta beste hainbat zauritu. Ekitaldi horretara Arriagaren, Esperanza Sein Garmendiaren eta Carmen Ginto Etxenike neskatoaren senideak gonbidatuko dituzte.
Errepresaliatuak izan ziren Lezoko maisu-maistrei berariazko omenaldia egitea ere adostu da adierazpen horren bidez; ez dago horretarako data zehazturik oraingoz, baina horren harira, Lezoko bi ikastetxe publikoen kanpoaldean azalpen plaka bat jartzea adostu dute, Maisu maistra horien izenak jasoko ditu plaka horrek, baita gertaeren eta errepresaliatuak izateko arrazoien azalpena ere. Eskoletako egungo irakasleak eta eta irakasle errepresaliatuen senideak gonbidatuko dituzte ekitaldi horretara.
Hiru plaka, hiru omenaldi eta orain arte aitortu ez zaien, eta gutxiago erreparatu, lezoar horien guztien omenez ariko da udala. Etxetxok bere burua eskaini dio ekitaldien antolaketan, baina argi utzi du elkarteak, protagonistak, udalbatza, Lezoko Udaleko ordezkari politikoek izan behar dutela, omendutako pertsonen senideekin batera.
Frankismoaren errepresioa pairatu zuten lezoarrak
1931ko apirileko hauteskundeetan, Lezon demokratikoki hautatutako korporazioa honakoa izan zen: Jose Gezala Garmendia, antimonarkikoa, 182 botorekin; Vicente Aierdi Olaizola antimonarkikoa 181 botorekin; Patricio Lopetegi Lizarazu antimonarkikoa 181 botorekin; Aquilino Ibarguren; Jose Maria Bengoetxea Agirre antimonarkikoa 181 botorekin; Ignacio Pikabea Sagarzazu antimonarkikoa 180 botorekin; Angel Ibarguren Landaberea antimonarkikoa 181 botorekin; Venancio Salaberria Intxaurrandieta 152 botorekin; eta Florencio Salaberria Gezala 152 botorekin. Hala jaso du Etxetxok egin duen txostenean.
1931ko apirilaren 17an Jose Gezala izendatu zuten alkatea, 1933ko martxoaren 14an arrazoi pertsonalak argudiatuta kargua utzi zuen arte. 1933ko maiatzaren 5ean Patricio Lopetegi Lizarazu (EAJ) izendatu zuten alkate. 1934ko iralaren 9an udalbatza osoak dimititu zuen Angel Ibargurenek izan ezik. Dimisio horren arrazoia, 1934an, eskuineko 140 diputatuk Madrilgo gorteetan aurkeztutako proposamena izan zen; Ardoaren Estatutua izenarekin ezaguna, kontzertu ekonomikoaren aurkako erasoa izan zen, baita euskal udalentzako autonomiaren aurkakoa ere. Dimisioa, beraz, protesta gisa aurkeztu zuten zinegotzi abertzale eta ezkertiarrek. Lezoko korporazioaren dimisiotik hamar egunera, Gobernadore zibilak nahierara izendatu zituen korporazioko kideak, Vicente Aierdi alkate izendatuta; 16 hilabete iraun zuen karguan. Ondoren, gainontzeko zinegotzi guztiak kargugabetu eta isunekin zigortu eta errepresaliatu zituzten.
1936ko otsailaren 27an itzuli ahal izan ziren udaletxera probintziako gobernadoreak inhabilitazioaz amnistiatutakoen birjarketa agindu zuenean. Patricio Lopetegi Lizarazu (alkate), Ignacio Pikabea Sagarzazu (zinegotzi), Anastasio Salaberria Bengoetxea (zinegotzi), Venancio Salaberria Intxaurrandieta (zinegotzi), Florencio Salaberria Gezala (/Zinegotzi), Jose Maria Bengoetxea Agirre (zinegotzi) eta Vicente Aierdi Olaizolak (zinegotzi) osatutako udal talde hori izan zen 1936ko altxamendu militarrera arte aritu zena, irailaren 13ra arte, zehazki.
Felix Arriaga Zapirain 1936ko abuztuaren 26an udal kale garbitze lanak egiten ari zela erail zuten indar matxinatu frankisten hegazkinek bonba jaurti zutenean Donibane kalean zegoen Zentro Errepublikazalean. 56 urte zituen eta eztandaren ondorioz hil zen. Gertakari bereen barruan erail zituzten frankistek Esperanza Sein Garmendia 21 urteko gaztea eta Carmen Ginto Etxenike bi urteko neskatoa; zauritu ugari ere izan ziren.
Antonia Altuna, Victoria Igartzabal, Miren Gezala Sagarzazu, Mari Paz Ovejero eta Ricardo Fernandez Gallo maistra-maisuak gogor zigortu zituen frankismoak Etxetxok bere txostenean jaso duen bezala. Fernandez Gallo Gurseko kontzentrazio esparrura zigortua izan zen. Guztiek sustatu zuten Lezon irakaskuntza publikoa, doakoa, laikoa, herrikoia, mistoa, aske eta derrigorrezkoa, eta horregatik, isun, desjabetze, inhabilitazioa eta erbestea jasan zituzten. Garai horretako maistrek Bigarren Errepublikako eraldaketa sozial eta kulturalaren proiektua sinbolizatzen zutela nabarmendu du Etxetxo elkarteak, “sakoneko aldaketak izan ziren urte horietan, emakume hauen ibilbideek garai hartan piztu zen itxaropen, esperientzia eta lorpenak islatzen zituzten. Aldaketa horietan emakumeek herritartasun zibila eta politikoa lortu zituzten, eta hezkuntza, benetako demokraziaren oinarri gisa ulertzen zen”. 1930eko hamarkadan, maistra askok pentsamendu askatasunaren eta askatasun indibidualaren sustapenaren eta laikotasunaren ideiekin bat egiten zutela erantsi du Etxetxok, “ikasgeletan esperimentazioa, sormena eta ikasteko metodo parte hartzaileak erabiltzen zituzten. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren eta hezkuntza publiko euskaldun eta demokratikoaren aldeko borrokaren erreferente eta mantentzaile izan ziren”.
Udalak garai hartan derrigortuta zeuden eskola jartzeko lokala ematera, materiala eta altzariez hornitzera, baita maistra-maisuari etxebizitza duin bat edo zegokien ordaina eskaintzera ere. Kostu ekonomiko hori udal kutxei zegokien.
Miren Gezala Sagarzazu, erbestera kondenatu zuten euskaraz irakasteagatik.
Aitortza, justizia eta erreparazioa
Memoria Historikoa berreskuratzeko lan mardula egiten ari da Etxetxo elkartea sortu zenetik. Lan horren bidez ari da frankismoaren errepresioa sufritu zuten herritarrei ezinbestekoa den aitortza, justizia eta erreparazioa egiten. Izan ere, Lezo ez zen erregimen frankistaren errepresio politiko eta apeta ankerretatik libre gelditu. Ehunka izan dira batera edo bestera, genozidio horren biktimak. Errepresioa jasan zuten lezoarrez gain, herrian bertan, ehunka eta ehunka izan ziren frankismoaren derrigortutako lan esparruetan udalerrian bertan aritu zirenak, “Estatu osoko presoak pasa ziren Lezotik lan behartuen esparruetatik, gizonak esklabo bihurtu eta bizi baldintza ankerren menpe jarri zituzten”. Orain arte Etxetxo elkarteak egindako ikerketa lanetan, Lezoko kontzentrazio esparru horietatik igaro ziren 5.000 gizon baino gehiago aurkitu ditu elkarteak. Ankerkeriari, deshumanizazio saiakera ikaragarriari, krudelkeriari, frankismoak ezarri zuen beldurra erantsi behar zaio, “horrek ‘galtzaileei’ ezarritako isiltasuna eragin zuen. Gaiz hitz egiten ausartzen ez ziren pertsonak ezagutu ditugu, edo gaiaz zerbait esaten zigutenean, instintiboki ahapeka hitz egiten zutenak”.
Lan handia egina izanagatik, jakitun da Etxetxo, bide luzea dutela aurretik, oraindik orain errekonozimendua eta ordaina ematea zor zaiela lezoar batzuei, urte luzeetan ahaztuta egon ondoren. Bide horretan honakoa urrats bat gehiago da; urratsa aurrera isilean urte luzetan mantendu dituzten haiek argitara atera eta izen abizenekin dagokien erreparazioa jaso dezaten; urratsa aurrera, frankistek ezarritako kontaketa urratu eta egiari bidea zabaltzeko.