Emakumeen aztarnek hartuko dute espazio publikoa
Herriko historia feministan mugarri izan diren gertaera eta emakumeak lehen lerrora ekarriko dituzte, aitortza egiteko espazio publikoa hartuta. Murala osatzen jarraituko dute bihar.
«Emakumeen Aztarnak, emakumeen ekintza garrantzitsuak irudikatzen edo komunikatzen dituzten adierazpen sinboliko edo materialak dira. Garrantzitsuak dira aztarna horiek, esanahi kolektiboa dutelako, irauten duen mugarri direlako, eragina dutelako emakume horiek diren inguruetan». Zaida Fernandez soziologoaren hitzak dira. Aztarna feministak eta emakumeenak bistarazteko proiektuak ikertu eta dinamizatu ditu, Errenteria-Oreretakoa tartean. Ideia horietatik asko du Zapirain Anaien kaleko hormak aztarnaz betetzeko azken bi hilabetean martxan den dinamikak. Herriko historia feministan mugarri izan diren une eta emakumeak biltzen ari dira mural batera, erabakigarri izan zirela aldarrikatzeko, haien presentzia espazio publikora zabaltzeko. Kontatzen ez dena ez da existitzen; ezinbestekoa da narratiba, eta hori bezain garrantzitsua da kontaketa nork eta nola egiten duen.
Murala uztailean margotzen hasita, bihar jarrituko dute, eta uda ondoren, irailean emango diote segida. Proiektuaren atzean, Jane Gamon taldea dago besteak beste, Emakumeen Etxeko Eskola Feministan sortu den Hirigintza eta Genero taldea. Talde horrek, murala osatzeko eta Errenteria-Oreretako aztarna feministak biltzeko, zorrotz aukeratu ditu gertakizun eta emakume izenak.
Ikuztegiak, emakumeen topagune
Ikuztegiak dira lehen irudia. «Arropa garbitzeko lekua izateaz gain, emakumeak elkarrekin biltzeko espazioa izan ziren», azaldu du Jane Gamon taldeak. Xamakoerreka ere irudikatu dute. Bertan garbitzen zituzten emakumeek Lino fabrikako lehengaiak eta ehunak. 1920. urteko Fabrika Handiko lehen greba beste mugarri bat izan zen herriaren historia feministan, eta hori ere ekarri dute lehen lerrora, baita greba batzordean parte hartu zuten Encarnacion Nieto eta Francisca Martin ere. Errenteria-Oreretako enpresa ugaritan plantillaren gehiengoa emakumea izan zen industrializazioaren garaian.
Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar ere ekarri dute muralera. Bertsolaria, jostuna eta Lino fabrikako langile izan zen, eta hari esker, bere osaba zen Xenpelarren bertso asko ezagutu dira. Osaba ospetsua bilakatu zen, baina bera orain gutxi atera zuten argitara. Linek ere hartu du bere espazioa, industrializazio garaiko emakume langileen ikur. Festetako protagonista bilakatu zuten Line Oreretako Kuadrillek, eta orain, OaingozHau mugimenduak.
1980ko salaketa gaua
1980ko hamarkadara jauzi eginda, urte hartako emakumeen salaketa gaua ere aldarrikatuko du muralak. Atzera bueltarik izan ez zuen mugarria izan zen hura herriko emakumeentzat. Milaka emakumek hartu zituzten kaleak suziekin, haienak zirela aldarrikatzeko. Ez dituzte ahaztu beste hainbat mugarri: 2018ko eta 2019ko martxoaren 8ko mobilizazio ikaragarriak, edota 2019an egi bihurtu zuten Emakumeen Etxea. Horiei ere eskainiko diete tartea. Murala margotzen jarraitzeko hitzordua egin dute bihar, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta parte hartzera deitu dituzte herriko emakume guztiak. «Kalea, hitza eta espazio publikoa hartzera. Aldarrikatu egin behar ditugu erreferente izan diren herriko emakumeak eta bidea egiten jarraitu».5