[Elkarrizketa] “Bigarren jardunaldiko itzuliko luzean estropadaz disfrutatzen hasi nintzen”
Lehenago ala geroago, lanaren emaitzak jasotzen dira. Hala gertatu zaio aurten Eli Pescador arraunlari oreretarrari; 15 urte traineruen tosten artean igaro ondoren, Donostia Arraun Lagunak-en ‘Lugañene’ ontzian Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu.
Hamabost urte daramatza Eli Pescadorrek (Errenteria-Orereta, 1982) arraunean. Hibaikan egin du ibilbide luzearen zatirik handiena, hura izan du etxe, arraunean hazteko eremu, ilusio askoren sorgune. Aurten Donostia Arraun Lagunak-en aritu da, eta besteak beste, Kontxako Bandera eta Euskotren Liga irabazi ditu Donostiako ontziarekin. Arraunean erreferente da oreretarra.
Saiakera askoren ondoren, lortu duzu Kontxako Bandera zureganatzea. Zer sentitzen duzu?
Askotan egin didaten galdera da honakoa. Ez nuen Kontxako Bandera irabaztea helburu, arraunlari guztioi gustatuko litzaiguke noizbait Kontxa eskuratzea, baina ez nuen helburutzat. Behin lortu dudala, konturatu naiz sekulako pisua kendu dudala gainetik. Ez dakit zer den, ezin dut ongi azaldu, baina banuen nire buruan zerbait. Pisua kentzeaz gain, egin dugunarengatik poza eta harrotasuna sentitzen ditut.
Kontxako Bandera lehen aldiz astindu zenuen une hartan, zein izan zen burura etorri zitzaizun lehen irudia?
Bigarren igandeko estropadaren bigarren itzulian, erreferentziak esan zizkigutenean jakitun ginen segundo bateko abantaila altxorra zela, eta estropadaz disfrutatzen hasi nintzen. Urte hauetako guztietako lana, inguruan izan ditudan lagunak eta familia etorri zitzaizkidan burura. Donostiako portuko arrapalara iritsi aurretik, estropadan bertan Kontxako irabaztear nintzela barneratzen hasi nintzen.
Donostia Arraun Lagunak-ek denboraldi biribila egin du, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi dituzue. Sasoiaren hasieran, sinesten al zenuten horrelakorik egin zenezaketela?
Prestatzaileak, Juan Mari Etxabek, konfiantza handia zuen gugan. Hark taldeak potentzial eta lehiakortasun handia zuela pentsatzen zuen, eta mezu hori gurekin elkarbanatu zuen une oro. Gauza handiak egin genitzakeela uste zuen, eta neguan zehar egin genituen jaitsieretan emaitza onak lortu genituen. Esaterako, Orioko jaitsieran nagusitu ginen, baita San Pedrokoan ere. Gerora, Gipuzkoako Txapelketa iritsi zen. Ekainean, Euskotren Liga hasi aurretik, lehiatu ginen eta bandera hori ere eskuratu genuen. Lehen aldia zen Donostian egoitza duen talde batek Gipuzkoako Txapelketa irabazten zuela. Ikurrina hura mugarria izan zen prestatzaileak egunero aipatzen zigun horretan sinesteko. Neguan estropadak modu batekoak edo bestekoak izaten dira, baina ekainean sartuta, taldeak guztiz osatuta eta prestatuta daude; bada, bertan konturatu ginen denboraldian zehar gauzak ondo eginez gero emaitzak etor zitezkeela. Azkenean horrela izan da, eta Juan Mari Etxabek arrazoi zuen. Historian lehen aldiz, Gipuzkoako Txapelketako, Euskadiko Txapelketako, Euskotren Ligako eta Kontxako Banderako txapeldunak bilakatu gara.
Hibaikan zinela, tankera horretako garaipenak etxean ahizparekin gertu izan dituzu. Arantzarik izan al duzu noizbait? Kitatu al duzu?
Ez ditut inoiz arantza moduan bizi izan. Orain lortutakoak asko pozten nau, noski. Gaur arte ez nituen inoiz Euskotren Liga eta Kontxa irabazi, eta normala den bezala, pozez gainezka nago. Hibaikan arraun egiten nuenean, ahizpa [Ane Pescador, Donostiarran dago] aurkaria nuen San Juango Batelerak traineruan, eta segundo gutxiren bueltan bigarren bukatzen genituen gehienetan estropadak. Edonola ere, nire ahizparen lorpenak beti zoriontasunarekin ospatu ditut, ez dut inoiz arantzarik izan.
Lehen Kontxa eskuratzea oso berezia da, baina ahizpak lortutakoa errepikatzea bereziago bilakatu al du?
Nik uste aurten paperak aldatu egin ditugula. Ahizpa asko poztu da nik Euskotren Liga eta Kontxa irabazi izanaz. Hainbestetan bizitu dudan egoera bizi izan du eta, nik egin bezala, asko poztu da nire lorpenekin. Aurkariak izan gara uretan; uretatik kanpo, berriz, ahizpak eta familia gara. Familiako norbaitek garaipena lortzen duenean ospatzeko eta pozik egoteko arrazoiak daude, horrela bizi izan dugu biok beti gure arteko lehiakortasuna.
Urte horietan Hibaikan arraun egiten zenuen, etxeko traineruan, emakumezkoen traineruaren hastapenetan… Nolakoak izan ziren garai horiek?
Hibaikan 2012an osatu genuen lehen aldiz trainerua. Herriko trainerua aritu aurretik, bi denboraldi eman nituen Hondarribian eta Zumaian. Ordutik, gauzak asko aldatu dira. Lehen urte hartan, klubean ontzi bakarra genuen eta beste bat alokatzea lortu genuen arte neskek eta mutilek traineru bera erabili behar genuen. Bitxikeri gisa, gogoan dut jaitsiera batean parte hartu genuela eta soilik neskek arraun egiteko aukera izan genuen, ezin baikenuen bi taldeek traineru bera erabili. Hasierak ez ziren batere errazak izan, ilusio handia zegoen trainerua uretan lehiatzen ikusteko eta klubak ahalegin handiak egin zituen hori egikaritzeko. Lortu genuen eta gaur egun, egoera asko aldatu da. Adibidez, ligarik ez zegoen gaur egun dagoen bezala eratuta. Euskotren Liga existitzen zen, baina Gipuzkoako Ligan traineru guztiek parte hartzen genuen. Denboran aurrera egin ahala, hoberantz, emakumezkoen arrauna forma hartzen joan da.
Nahiz eta ETE Ligan parte hartu, gaur egun, Hibaikaren proiektua kontsolidatuta dagoela esan daiteke?
Oso kontsolidatuta dago. Aurtengo Kontxako Banderako sailkapenarekin, bederatzi dira jarraian Hibaikak arraun munduko bandera preziatuenean sailkapena lortu dituen urteak. Generazio berria dabil arraunean Madalen traineruan, eta ziur naiz denborak aurrera egin ahala, emaitzak hobetzen joango direla. Datuak eskuetan, proiektua kontsolidatua dagoela esan dezakegu, eta horrela segi dezala.
Euskotren Liga eta Kontxa irabazi dituzun honetan, hainbeste urtean entrenatu eta estropadak lehiatu ostean, sartutako ordu kopuruak eta botatako izerdiak saria izan dutela uste duzu?
Bandera eskuratzeak ez du ezer aldatu nire kirol ibilbidean. Bandera lortu gabe ere, urte guztietako lanak saria izan duela uste dut. Arrauna gustatzen zaidalako egiten dut, pasiotzat dut, disfrutatzen dut uretara irteten naizen bakoitzean. Beti atera dizkiot alde onak arraunari. Irabaztea ondo dago, baina kirol honetan egunerokoan disfrutatu behar da. Oso gogorra izango litzateke irits ezin litekeen sari baten zain egotea. Arraunlari asko daude Kontxa ez irabazi edo sekula ere parte hartu ez dutenak. Horregatik, sariak eskuratu ala ez, beti geratu naiz arraunak eskaini dizkidan onura guztiekin.
Esango zenuke emakumeen arrauna etengabeko gorakadan dagoela?
Baietz esango nuke. Aurtengo denboraldian oso denbora onak egin eta errekorrak hautsi dira. Inoizko Euskotren Liga parekatuena bizitzeko aukera izan dute zaleek eta gutxinaka bada ere, emakumezkoen arrauna gorakadan dagoela uste dut. Gauza asko daude oraindik aldatzeko, baina arraunlari eta klub askoren aldetik aurrera egiten ari direnaren sentsazioa dut. Gaur egun arte klubek izan duten inplikazio maila bere horretan segitzea ere garrantzitsua izango da emakumeen arraunaren gorakadak etenaldirik izan ez dezan.
Zer dira aldatzeko geratzen diren gauza horiek?
Alde batetik, erakundeen laguntza ezinbestekoa dela eta berdintasuna lortzeko bidean gehiago egin behar dutela. Bestalde, komunikabideek badute zer hobetu ere. Gizonezkoen arraunari eta emakumezkoen arraunari, gaur egun, ez zaio tratu bera ematen. Asteburu honetan bertan, komunikabide batek Kontxa irabazi zuten taldeei elkarrizketa bera egin zien, eta lerroburuek islatzen zutena guztiz desberdina zen. Lehen aldiz Kontxa eta Euskotren Liga eskuratu eta denboraldian zehar lau errekor hautsi baditugu ere, ez dugu alor horretan berdintasuna lortu. Hori guztia aldatzen ez den arte emakumeen arraunak gorakadan jarraituko du, baina ez du guztiz goia joko.
Emakume arraunlariak erreferente bilakatu zarete?
Herri bakoitzeko errealitatea aztertu beharko litzateke horretarako. Herri guztietan arraunak eta klubek ez dute oihartzun bera. Udan audientzia handia duen kirola da, baina ez da herri guztietan berdin jarraitzen. Jarraitzen den horietan, emakume arraunlari gazteek erreferentziatzat gaituztelakoan nago. Denboraldi berri guztietan aurpegi berriak ikusten ditugu tosten artean eta emakumezkoen arraunak biziraun dezan oso garrantzitsua den belaunaldi aldaketa atzeman daiteke.
Datorren urtean ere arraunean segituko al du Eli Pescadorrek?
Aukerak badaude beste urte batez arraunean jarraitzeko, baina ondo pentsatu behar dudan erabakia da. Denboraldi gogorra izan da, atsedena behar dut eta orain ez da unea jarraipenaz hitz egiteko. Une honetan ez naiz gai erantzun biribila emateko.