Junkal Mintegia (EH Bildu): "Alkateak aspaldi deitu behar zuen bilerara deitu du EH Bilduk"
Pasaiako EH Bilduk bilerara deitu ditu herritarrak astelehenerako (urriaren 4rako). Batzarra 19:00etan da, Kultur Etxean. Junkal Mintegia koalizioko kidea: “Alkateak aspaldi deitu behar zuen bilerara deitu du EH Bilduk”. Izan ere, gai mamitsuen gaineko argibideak emango dituzte bilkideek: topoaren trazatu berriari buruzkoak, horren lanek izango duten eraginaren gainekoak, eta horiek apaltzeko neurrienak. Herritar denei joateko eskatu diete, gaia denen interesekoa delakoan.
Izan ere, EH Bilduko kideek adierazi dute urriaren 7ko udalbatzarrean direla onartzekoak gobernu taldeko kideak (PSE-EE eta EAJ) Biteri plazan Azokaren ordezko —topoko lanen ondorioz eraitsiko dute— eraikinaren egitasmoa. Zehaztapen bat eman dute: 4-5 urtez Luzuriagako aparkalekuaren herena, Gure Zumardia eta Azoka plaza hesituta egongo dira trenbidearen lanengatik.
EH Bilduren ustez Biteriko eraikin berri horrek barrutiaren etorkizun urbanistikoa baldintza dezake, eta antxotarrei “bizkarra emango” diela ziur azaldu dute, hau da, uste dute pasaitarren eta antxotarren interesen kontra doala: “Pasaiako Udalak Biterin ez eraikitzeari buruz duen konpromisoa zakarrontzira botako du, 2009an partaidetza prozesu batean hartu zena, herri kontsultarekin”.
Biteriko balizko eraikin berria 2024ra arte ez zela egina egongo jakinarazi du EH Bilduk, eta gainera, ez diela Antxok dituen beharrei erantzuten. Alta, topoa lurperatzearekin barrutirako konponbide bideragarri eta adostuak bilatu behar direla azaldu dute, “gaur egun hain urriak diren aisiarako lekuak hobetu ahal izateko”. Azoka eraistearekin Antxorentzat zerbitzu publiko, kultural eta kiroletakoak bideratzeko gogoeta egin behar dela iritzi dio udal taldeak.
Alternatiba, Luzuriaga
Biteriko eraikin berria (San Fermin elizarekin bat eginda joango litzateke) arbuiatu bai, baina alternatiba ere zabaldu dute EH Bilduko ordezkariek: Luzuriagako bulegoen eraikina. Edifizioak Azokan egun egiten diren jarduerak har ditzakeela uste dute, baita ekipamendu eta espazio berriak jaso ere, “eraikin hau kultura eta aisialdi erreferente bihur daiteke”. Aldundia eraikin horren zati baten jabe da: “Dagoeneko publikoki iragarri du interesa duela eraikinean, eta horrek epe ertain eta laburrean udalari aukera leihoa zabaltzen dio”.