"Elektriken lapurretaren aurrean", argiak itzaltzera deitu du EH Bilduk
Datorren ostiraleko itzalaldiara batzeko deia egin du koalizioak. 22:00etatik 22:30era "elektriketatik deskonektatu" eta lapikokada egingo dute.
“Enpresa elektrikoak egiten ari diren lapurretaren aurrean”, ostiralerako euskal udalerri guztietan deitua den itzalaldi eta lapikokadan parte hartzera deitu du Pasaiako EH Bilduk. 22:00etatik hasita, ordu erdiz luzatuko da.
Azken asteotan albistegietako titularrak hartzen ari den argindarraren egoeraren aurrean aurpegia ematera animatu ditu pasaitarrak oposizioko koalizioak: “Uste dugu nahikoa dela esateko unea iritsi dela, elektrikoen lapurretaren aurrean planto egiteko unea iritsi dela”.
Horrekin lotuta, ostegunerako programatuta dagoen plenoan gaiarekin loturiko mozioa defendatuko dute, Deskonektatu elektriketatik: haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa! lelopean. Argi utzi dute ez direla besoak gurutzaturik geldituko “enpresa elektriko handiak gure herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean”.
Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko indar independentistek indarrak batu dituzte, eta ostiraleko protesta ekitaldia aldi berean egingo da hiru herrialde horietan. “Ostiralean, herritarrek bizitza duinak izan ditzaten borrokatzen duen herria garela erakutsiko dugu”.