Elkarretaratzea egingo dute antxotarrek, "Luzuriagaren unea iritsi delako"
Bihar, asteazkena, 19:00etan, Luzuriagan elkartuko dira herritarrak. Udalari eraikin zaharra eskura dezan eskatuko diote, Biteri plazan eraiki beharrean.
Elkarretaratzea deitu dute hainbat antxotarrek biharko -asteazkena-, Sos Antxo. Azoka eraistear, Luzuriagaren unea iritsi da! lemapean. 19:00etan bilduko dira, Luzuriaga fabrikaren bulego zaharren kanpoaldean.
Azken asteotan bor-bor dabilen gaia da azokaren eraikina eraistearena. Izan ere, dagoeneko jakina denez, udal gobernuaren asmoa baita azpiegitura berria -oraingoa topoaren lurpearatzeagatik botako dute halabeharrez- Biteri plazan altxatzea, San Fermin elizari itsatsita, zehazki (EH Bilduk atzo eginiko batzarrean eman zuen lan horien berri).
Intentzio horiei aurka egin diete hainbatek. “Luzuriagaren unea iritsi dela” uste dute, abandonatutako azpiegiturak azokak gaur egun hartzen dituen ekintzak ordezteko balioko lukeela sinetsita baitaude. Pasaiako Udalari galdegingo diote fabrika antxotarrentzat eskura dezan, eraikin berri bat jaikiarazi beharrean.
Akuedukturik ez
Hedabide honi aitortu diote arazoa haratago doala: “Hasierako proiektuaren eta eskakizunaren ideia nagusia akueduktua [egungo topoa eusten duena] botatzea zen, eta udalaren proiektuarekin hau ez dute bermatzen. Beraz, ez gaude prest onartzeko herrian emango diren aldaketa eta gorabehera guztiak, akueduktua ez badute botako”.
Honako dokumentu honetan jaso dute antxotarrek euren proposamenaren detailea.