Gaizka Lopez garaile, Eskola Kiroleko piraguismoko lehen proban
Gipuzkoako Eskola Kiroleko lehenengo norgehiagokari ezin hobe ekin dio Pasaia Kayakek, garaipena lortuz Haur Mutilen kategorian.
Pasaia Kayakek ezin hobe hartu du lur Eskola Kirolaren barruan, horren baitan antolaturiko piraguismoko lehen norgehiagokan garaile izan baita Gaizka Lopez taldekidea, Haur Mutilen mailan. 100dik gora palista bildu ziren joan den larunbatean Irunen, Bidasoko uretan.
Lopez faboritoen zerrendan zegoela aitortu dute klubeko arduradunek, “eta argi eta garbi erakutsi zuen zergatik”. Hasiera-hasieratik hartu zuen burua 3.000 metroko eta 3 ziabogako ibilibidea betetzeko. Garaile suertatu zen irundarra, bigarrenari 27 segundoko aldea atereaz.
12 kirolari (10 haur eta 2 kimu) eraman zituen Pasaiako klubak Irunera. Denak “espero zitekeen mailan” ibili zirela aitortu dute, are gehiago batzuentzat inoiz egindako lehen proba izan zela kontuan hartuta, pandemiak eragindako etanaldia medio.
Hurrengo hitzordua Zumaian izango dute bi kategoria horietako palistek, Eskola Kirolaren bigarren jardunaldian, hilaren 23an. Hasteko, asebete agertu dira taldekideak Irunen erakutsitako mailarekin.