Dantza garaikidea Lezora iritsi da
Lezoko Udalak eta Dantzaz elkarteak herrian dantza garaikideari bultzada emateko hitzarmena landu dute. Zeta Zeta saioak, horren adibide praktikoa.
Lezoko Udalak eta Dantzaz elkarteak hitzarmena egin eta sinatu dute, herrian dantza garaikideak bidea egin dezan. Alde batetik, dantza garaikidea jarraituko duen publikoa sortu nahi dute herrian. Bestetik, gazteen artean ere arte eszenikoen alor hori ezagutarazi eta bultzatu nahi dute, eta horretarako Lezo Herri Eskolan sentiberatze eta hastapen saioak emango dituzte. “oso positiboa da hitzarmen hau, dantza bultzatzeko era bikaina da”, esan dute udaletik. Dantzaz-ek Dagaz proiektua du abian, herrietan dantza garaikidea sustatzeko.
Akordioaren sinatzea atzo egin zuten Jesus Mari Martiarena alkateak, Ion Pombar Kultura zinegotziak, eta Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz-en zuzendariak. Denek sortu berri den elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten. Horren arabera, konpainiak behar dituen espazio eta baliabideak eskainiko dizkio udalak Dantzaz-i, haien prozesuetan lagungarri izan daitezen.
Akordioaren oinarrietan dago, aldi berean, sorkuntza koreografikoaren eta publikoaren arteko harreman programak garatzea. Hori egiteko Zeta Zeta saioak egingo dituzte hilaren 7an (osteguna), 21ean eta azaroaren 18an nahiz abenduaren 9an. Saio guztiak 19:30ean hasiko dira, Gezala auditoriumean. Hilaren 7koan, adibidez, Bertha Bermudezek Zeta Zeta zer den azalduko die bertaratzen direnei, eta aldi berean sorkuntza koreografikoetara hurbilketara bideratuko du ahalegina. “Saio fresko eta hurbilak izango dira. Bertan, dantzariek saio oso dibertigarri, ireki eta freskoak prestatuko dituzte. 60 ingurukoak dira”, esan dute udaletik.