9,3 milioi euroko aurrekontua izango du Lezok 2022an
Aurtengoak jasota dituenak baino 500.000 euro gehiago izango ditu 2022ko aurrekontuak. Lankidetzarako deia egin du gobernu taldeak.
Joan den asteko ostegunean egin zuten udalbatzarrean, 2022ko aurrekontu proposamena onartzea erabaki zuten Lezoko Udaleko zinegotziek, gobernu taldeko (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin. Horren arabera, 9,3 milioi kudeatuko ditu udal erakundeak 2022an, 2021ean baino 500.000 euro gehiago.
Udal gobernuak, aurrekontuak aurrera atera ondoren, udal talde politiko guztien proposamenak eta lankidetza beharrezkoak direla nabarmendu du, aintzat hartuz egun bizi den egoera, “2022ko ekitaldian sortzen diren behar guztiak betetzeko”.
Aurrekontuetan sartutako atalen barruan, udal langileen soldaten maila igoera, nahiz musika eskolako arduradunari %10eko igoera osagarria zegoen. EH Bilduk horren kontrako jarrera irmoa azaldu zuen udalbatzarraren aurretik.
Udal gobernutik bidalitako oharraren arabera, udalak herriko esparru guztiak hobetzeko konpromisoa hartu du kontu berriekin: “Jarduera kulturala, kirol osasungarria, hirigintza, berdintasun politikak eta euskara sustatzea”. Lezoko Gizarte Zerbitzuetan hobekuntzak egitea ere aurreikusi du udalak. Kontuak udalaren webgunean eskuragarri izango direla iragarri dute.
Bestelakoak
Iraileko osoko bilkuran bestelako gaiak ere jorratu zituzten. Adibidez, bizikleten alokairurako udal zerbitzu berria behin betiko onartu zuten, baita 2022rako taxien tarifak ere. Hurrengo urterako plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onartzeko irizpena ere aurrera atera zen.
Mozioen atalean, EH Bilduk Deskonektatu elektriketatik izenpean aurkeztutakoa (argindarraren igoerari buruzkoa) ez zen onartu, gobernukideen kontrakotasunagatik. Alta, EAJk eta PSE-EEk mozio alternatiboa aurkeztu, eta euren botoekin aurrera atera zuten.