AHTaren desjabetzeak geldiarazi dituzte Lezon
Atzo arratsaldean AHTaren Donostia-Irun zatiko lanen desjabetzeak eten egin zituen ekintzaile talde batek. Gaur Errenteria-Oreretan eta bihar Oiartzunen bilduko dira.
Atzo arratsaldean ziren egitekoak Lezoko Kultura Aretoan AHTaren Irun-Donostia zatirako desjabetzeak, Lezoko biztanleen lur eremuei dagozkienak zehazki. Ekintzaile talde batek horiek etenarazi zituen, aretora sartuz. Bertan hainbat administraziotako funtzionarioak zeuden desjabetze prozesuak gidatzeko asmoz.
Ekintzaileek AHTrik ez eta Desjabetzerik ez, AHTren dirua behar sozialentzat leloak zituzten ikur eta pankartak erabili zituzten haien zereginerako. “Behar sozial handietako garai honetan halako proiektuek diru xahuketa, garapenkeria eta lurra txikitzea dakarte”, adierazi dute.
Egunotan egiten ari dira AHTaren lanen zati horren eraginpean dauden herritarren lursailak desjabetzeko prozesuak. Gaur (asteazkena) Errenteria-Oreretako udaletxearen aurrean (09:30) dira biltzekoak ekintzaileak. Bihar (osteguna) Oiartzunen izango dira, udaletxearen parean (17:30).
