AHTaren harira tramitatzen ari diren nahitaezko desjabetzeen kontrako protesta egin dute
Bigarren egunez, Astigarraga eta Irun arteko AHTaren obrak direla eta tramitatzen ari diren nahitaezko desjabetzeen protestak egin ditu Oarsoaldeko Abiadura Handiko Trena Gelditu plataformak.
Ekintzaileen protesta gaur Errenteriako Udaletxearen kanpoan. Argazkia: Oarsoko AHT Gelditu Bigarren egunez, Astigarraga eta Irun arteko AHTaren obrak direla eta tramitatzen ari diren nahitaezko desjabetzeen kontrako protestak egin ditu Oarsoaldeko Abiadura Handiko Trena Gelditu plataformak. Atzo Lezon egin zuten protesta, eta gaur goizean Errenteriako udaletxearen aurrean egin dute. Desjabetzeak bertan behera uzteko eskatzen ari da plataforma protesten bidez, eta AHTaren lanetan “xahutuko” den dirua, eginkizun sozialetara bideratzeko.
Plataformak eman duen informazioaren arabera, abiadura handiko trenek Astigarraga-Irun arteko ibilbidea aldiriko trenen abiaduran zeharkatu dezaten egin beharreko trenbidearen egokitzapenek, 185.000.000 euroko gastua suposatuko dute, “guzti hau egiteko COVIDaren eragin ekonomikoei aurre egiteko Europako funtsak erabili nahi dituzte”.
Protestan tentsio unea bizi dutela salatu du plataformak. Hark azaldu duenaren arabera, udaletxera sartzen saiatzeko unean izan da: “Aurrez prestatua zegoen Udaltzaingoaren dispositiboak esku hartu du, eta protestan parte hartzen ari ziren pertsonak bortizki kaleratu ditu kalte fisiko eta psikikoa eraginez. Bereziki udaltzain baten jarrera nabarmendu da, bere bortizkeriagatik eta partaide bati zuzenean iraintzeagatik. Bertan zen alkateak, muzin egin dio herritar talde honen eskaerari; desjabetzeak jarraitu eta aktak sinatzea erabaki du”.
Oarsoko AHT Gelditu plataformak “errepresioa” salatu du eta Errenteriako Udalaren diskurtsoaren eta praktikaren arteko “koherentzia eza” nabarmendu du.
AHTaren kontrako taldeak bihar Oiartzunera deitu du. ADIFek bertako udalean desjabetzeak egingo dituela bihar 16:00etan azaldu du, “horiei erantzuteko bertan biltzera deitzen dugu”.
