Aizpitarteko haitzuloak ezagutzeko hainbat aukera eta modu
Aizpitarteko haitzuloak Paleolitoa aztertzeko erreferente berri bihurtu dituzten azken aurkikuntzak ezagutzera emateko, hainbat jarduera antolatu dituzte hilaren 10era bitartean.
Aizpitarteko leizean Oarsoaldeko lehen biztanleak bizi izan ziren milaka urtez. Aizpitarteko haitzuloak Paleolitoa aztertzeko erreferente berri bihurtu dituzten azken aurkikuntzak ezagutzera emateko, hainbat jarduera antolatu dituzte hilaren 10era bitartean. Horietako lehena, dokumentalen proiekzioa izango da, Aizpitarte III eta IV kobazuloei bisita birtuala Lekuonaren Plaza Luzean. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzte emanaldiak eta 25 minutuko iraupena dute. Gaurtik ostiralera arte 09:00etatik 20:00etara, larunbatean 09:00etatik 14:00etara emango dute. Goizetan herriko ikastetxeek izango dute lehentasuna ikusteko proiekzio horiek. Arratsaldeetan, berriz, behin eta berriz proiektatuko da, etengabe.
Hitzaldiak ere egingo dituzte Lekuonako Plaza Berdean. Bihar 18:30etik 19:15era izango da, eta Iñaki Intxaurbe Paleolito garaiko kobazuloetan dekoratutako sektore sakonetarako irisgarritasunaren gainean ariko da. Ostiralean, berriz, Maria Angeles Medinak Paleolitoko argiztapen sistema nagusien ezaugarrien gaineko hitzaldia emango du 18:30etik 19:15era.
Amaitzeko, larunbata eta igandean, aurrez aurreko bisita antolatu dute kobazuloetara; lau izango dira guztira, euskaraz eta gazteleraz. Larunbata eta igandean 10:00etatik 11:30era eta 12:00etatik 13:30era izango dira bisita horiek. izena emateko Turismo Bulegora jo behar da, posta elektronikora idatzi, edota 943 49 45 21 telefono zenbakira deitu.
