Ertzaintzaren erreskate ontzi berria Pasaiako portuan amarratuko dute
'Itsas-Lagun' ontziaren balioa 319.000 eurokoa da, eta Ertzaintzak itsasertzean nahiz barnealdean lan egiteko dituen beste zortzi barkuei batuko zaie.
Bermeon estreinatu dute gaur goizean ontzi berria. Aurrerantzean, Pasaian izango ditu amarrak lotuta. Gaur goizean inauguratu dute Bermeon (Bizkaia) Ertzaintzaren erabilera anitzeko ontzi berria, Itsas-Lagun. Barkua Pasaiako portuan egongo da amarratuta aurrerantzean.
Kabinadun ontzi zurruna da estreinatu berri dutena; 12 metroko luzera eta 3,5 metroko erruna ditu, eta 319.000 euroko kostua. Itsas-Lagun Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Uretako Atalak itsasertzean nahiz barnealdeko uretan erabiltzen dituen beste zortzi ontziei batuko zaie.
Detaile gehiago eman ditu Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak goizeko agerraldian: gutxienez patroi bat eta bi marinel izango ditu barkuak. 300 zaldiko bi motor eta itsasoan 12 miliataraino barneratzeko behar adinako autonomia ditu.
