HBko kideen kontrako bonben ardura Espainiako Gobernuari egotzi zion ministro ohi batek
1989ko irailaren 20an Errenteria-Oreretako Ildefonso Salazarri bidalitako bonba gutuna, buzoian sartzerakoan eztanda egin eta Jose Antonio Cardosa postaria hil zuenaren ardura, Espainiako Barne Ministerioari egotzi zion Asuncionek.
Jose Antonio Cardosa Gonzalez Herri Batasuna (HB) alderdi politikoko kideei bidalitako gutun bonben atzean Espainiako Gobernua zegoen. Hala aitortu zuen Antoni Asuncion Espainiako Barne Ministro ohiak 1994an, Emilio Alonso Manglano CESIDeko orduko zuzendariarekin izandako hizketaldi batean. Hizketaldi hura grabatu egin zuten, eta orain, 27 urte geroago, edukiaren zati bat argitaratu du ABC Espainiako egunkariak.
1989ko irailaren 20an Errenteria-Oreretako Ildefonso Salazarri bidalitako bonba gutuna, buzoian sartzerakoan eztanda egin eta Jose Antonio Cardosa postaria hil zuenaren ardura, Espainiako Barne Ministerioari egotzi zion Asuncionek.
Postaria zen Cardosa. Behin-behineko kontratuarekin ari zen lanean, eta hiru hilabeteko epealdia amaituta, beste hilabetez luzatu zioten kontratua. 22 urte zituen Jose Antonio Cardosa Gonzalezek. Juan Olazabal kaleko buzoi batean posta pakete bat sartzen saiatzen ari zela, eztanda egin zuen paketeak eta gazte errenteriarra hil. Leherketak zuloa zabaldu zuen Ildefonso Salazar Uriarte Herri Batasunako militantearen buzoiaren gainean. Hari zuzendutakoa zen bonba paketea.
Inork ez zuen bere gain hartu atentatua. Ezker abertzaleak estatu aparatuei egotzi zien atentatu hori. 1996an, Luis Roldanek Baltasar Garzon epailearen aurrean deklaratu zuen, eta HBko militanteei bonba paketeak Omega taldeak —Pedro Gomez Nietoren agindupean ari zen Guardia Zibilaren taldea— bidali zizkiela azaldu zuen, Jose Luis Corcuerak, Rafael Verak, Enrique Rodriguez Galindok eta Jose Ramon Goñik aginduta.
Berriako Uxue Rey eta Julen Aperribai kazetariek zabal landu dute gaia.
