Piztu da sumendia
Iragan berri den udari penaz begira baino, haserre sumatzen dut jendea. Izan liteke konturatu garelako izurriari bizirik eustea baino gehiago dela bizitzea, izurri garaian bizirautearekin konformatu bagara ere, orain bizitza zukutzea baitugu helburu. Ez dakit. Arrazoia edozein dela ere, sutan dago ingurua: suminduta, muturtuta, amorratuta, liskartuta, aharratuta eta koleratuta. Azaletik zaio jendeari sumendia ateratzen, sumendi-erupzio tankerako bat bere baitan pizten.
Jokin Urainek aipatu zuen behin haserre kronikoan bizi denak haserrearen lubakian aurkitzen duela agian zorion moduren bat. Akaso munduan ez, baina bere erretxinean konforme barru kiskaliarekin inguru guztiei su emanez, inoren onik ezin jasanez, haserrean bizitzea balitz bezala edozer konpontzeko modua, bidea. Haserre hori kenduz gero, heldulekurik gabe sentituko litzateke beharbada jende andana. Alabaina, haserreek ere behar izaten dute inoren baitan bizi inoiz.
Nigan babestu da arrangura azken egunetan. Sutan nago ni ere. Sua: zerbait erretzen denean gertatzen den bero eta argi jalgitzea. Bi begiradek sortzen dutena. Suaren bila aritu omen ziren lehen gizakiak, eta orain sutan nago ni, sorginak Inkisizio garai hartan lez.
La Palma irlako sumendi bat jarioan hasi zen irailaren 19an. Galda bizian, borborka, herensuge baten antzera uharteko lur guztiak kiskaliko zituela aldarrika. Irla hura Espainia delako ari dira jo eta su haren berri ematen, baina. Marka da gero, berriz ere hemengo hedabideak Euskal Herritik kanpoko nonbaitera begira izatea. Hori bai hegozentrismoa, hori. Beti hegoko gertakariei lehentasuna ematen, Ebrotik behera bada, hobe. Zuek su. Eman su beldurrik gabe, eta ke artean itoko zarete.
Patxi Zubizarretaren Pospolo kaxa bat bezala liburuak ezin hobe deskriba dezake sentitutakoa, izan ere, ordutik «nire barrenean ehunka, milaka sumendi piztu dira egunotan; erraiak sutan, su goritan sentitu izan ditut, harik eta, laba guztia isuri ostean, nire barrunbeak hozten hasi diren arte». Badut sumendi harroa apaltzeko gogoa.
Gugandik bi mila eta bostehun kilometrora dagoen laba dabil denon ahotan. Inork gutxik ezagutuko du, ordea, laurogeita hamar kilometro eskasera dagoen Iruñeko Laba, Nafarroako hiriburuko euskaldunon komunitatearentzako elkargunea: euskararentzat eta euskal kulturarentzat sortutako gunea, topagunea, gozagunea, sorgunea.
Laba sareko kideek Iruñeko Gazteluko plazan duten egoitza atontzen eman dute uda. Behar adina babes jaso zuten ekainean abiatutako finantzaketa kolektiboan, eta obra nagusia egiteko baimenaren zain daude orain. Euskara ikusgarri eta entzungarri egin nahi dute, erakargarri, eskuragarri. Oiartzualdeko euskaldunak trinkotzeko, indarrak batzeko eta proiektu berriak sortzeko gure eskualdean halako espazio baten beharrik ez ote dugun galdetzen diot neure buruari. Euskara erdigunean jarrita bizi nahi dugulako, guztiok gara magma. Guztiok sor dezakegu erupzioa. Eztanda egiteko unea da. Badator LABA.