Bartzelonako Saloi Nautikoan parte hartuko du Albaolak
Euskal kostaldea promozionatzeko hilaren 12tik 17ra bitartean izango da Albaola Bartzelonan; Pasaia Itsas Festibalaren eta 'Elkanoren lehorreratzea' ekitaldiak aurkeztuko dituzte bertan.

Albaola Bartzelonan izango da datorren astean.
Albaolak Bartzelonako Nazioarteko Saloi Nautikoan parte hartuko du hilaren 12tik 17ra bitartean. Erakusketa baten bitartez euskal kostaldea promozionatzeko ardura izango du ontziak bertan. Pasaiako Itsas Festibalaren bigarren ekitaldia eta Elkanoren lehorreratzea izenpeko jarduera aurkeztuko ditu, halaber, Albaolak Bartzelonan.
Denera, 250 metro koadroko gunea bideratuko du erakusketara Pasaiako barkuak. Ontzigintza esparruko ikasle eta irakasleek dinamizatuko dituzten hiru espazio nagusi aurkituko dituzte bisitariek saloian: batetik, lanbide tradizionalen zuzeneko lana; bestetik, erakusketa; eta azkenik, XVI. mendeko euskal ontzi tradizionala. Halaber, sokagintza makina eta tornu tradizionalak probatu ahal izango dituzte interesdunek.
Pasaiako Itsas Festibala eta Elkanoren lehorreratzea, bestalde, hilaren 13an aurkeztuko dituzte saloi nautikoko Espai de la Maren, 11:00etan. Komunikabideak eta herritarrak gonbidatuak daude hitzordura.